Liburuaren aurkezpena otsailaren 27an izango da, 19:00etan, Sopelako udaletxean. Ekitaldian Somokuetok eta liburua ondu duen Ludger Mees EHUko katedraduna parte hartuko dute, baita Unai del Burgo Sopelako jarduneko alkateak, Josune Etxaniz Eusko Ikaskuntzako ordezkariak eta Mikel Begoña sopeloztarrak ere.
Udalak azaldu duenez, Memoria Demokratikoa berreskuratu, ezagutarazi eta kontserbatzeko helburuagaz abiatu zuen 2020an 1890etik 1950era bitarteko tokiko historiaren azterketa. Bildutako informazio kopuru handia dela eta, ikerketa bi liburukitan argitaratuko da. Orain aurkeztuko den lehen liburukiak 1890etik 1936ra arteko bilakaera jasotzen du: Berrezarkuntzaren zatirik handiena (1890-1923), Primo de Riveraren diktadura (1923-1930) eta Bigarren Errepublika (1931-1936).
Somocuetok garai horretako bilakaera politikoa eta alderdiek herrian izan duten ezarpena aztertzeaz gain, beste hainbat gai ere jorratu ditu: gatazka sozialak, euskararen egoera edo Sopela udako helmuga turistiko gisa finkatzeko prozesua, besteak beste.
Liburua euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu du Eusko Ikaskuntzak, Lankidetzan bildumaren 69. zenbakian, eta doan eskuratu daiteke erakundearen webgunean. Bestalde, Sopelako Udalak ale batzuk jarriko ditu salgai Udalean bertan, Kurtzio Kultur Etxean eta Turismo Bulegoan, eta Udal Liburutegian ere kontsultagai egongo da.
Ikerketaren jarraipena Gerra Zibilari eta Lehen Frankismoari (1936-1950) buruzkoa izango da eta 2026an argitaratuko da bilduma berean. Egitasmo osoa 2024an Sopelako Udalak eta Eusko Ikaskuntzak sinatutako lankidetza-esparruaren barruan kokatzen da, eta Somokueto dagoeneko 1948tik 1979ra arteko aldia ikertzen ari da, Frankismo osoa eta Trantsizioa barne.