Udalak azaldu duenez, ekimenak saltoki eta zerbitzu publikoen sare segurua osatu gura du: parte hartzen duten establezimendu eta eraikinak pegatina bategaz identifikatuta egongo dira, "Geurea erabil dezakezu" mezua ikusgai dutela. Lehen fase honetan, Altxa Buruako kideak joango dira hautatutako lekuetara, kanpainaren xehetasunak azaltzera eta atxikimenduak biltzera.
Itziar Lazaro Sopelako Udaleko Hezkuntza, Euskara, Kultura eta Kirol zinegotziaren hitzetan, "lehenengo telefono mugikorra eskuratzeko adina atzeratzea da kanpainaren helburua. Ume eta nerabeak kalean mugikorrik gabe ibiltzea sustatu nahi da, gailuaren beharra gutxitzea, eta modu autonomoan herriaz gozatzea". Gainera, Lazarok nabarmendu du Sopelako herritarrak ere kontzientziatu nahi dituztela "mugikorraren gehiegizko erabileraren eta sortzen dituen albo kalteen inguruan".
Udalak herritarrak eta tokiko eragileak kanpainara bat egitera animatu ditu, "herrian mugikorrik gabe ere laguntza eskura" egon dadin, eta haur zein nerabeentzako espazio seguruagoak eta autonomoagoak sustatzeko.