Atleta sopeloztarrak garaipen historikoa lortu du Valentziako Espainiako Pista Estaliko Txapelketan, 400 metroko proban urrezko domina eskuratuz. Finala formatu berezian jokatu zuten, korrikalariak txanda bitan banatuta eta erlojupeko baten gisan lehiatu baitziren. Fernandez lehenengo finalean (B finalean) atera zen, eta hasiera-hasieratik erakutsitako indarrari esker, helmuga lehen postuan gurutzatu zuen 46.69ko denboragaz. Marka horrek presio guztia bigarren txandako korrikalarien gainean utzi zuen. Ondorengo A finalean, David Garcia Zurita gogor saiatu zen sopeloztarraren denbora hobetzen, baina 46.96ko markagaz konformatu behar izan zen.
"Amets handiak egin behar dira emaitza handiak lortzeko. Eskerrik asko nire lantaldeari hau posible egiteagatik", adierazi du sopeloztarrak garaipenari buruz bere sare sozialetan.
Garaipen honek estatuko elitean finkatu du FC Barcelona taldeko korrikalaria, bere bilakaera bikaina berretsiz —lehenago 20 urtez azpiko Espainiako errekorra ezarri baitzuen—. Behin neguko denboraldiko erronka hau gaindituta, Fernandezen hurrengo helburuak nazioarteko hitzorduetan daude, hala nola Europako txapelketetan eta Espainiako 4x400 metroko errelebo-taldeaagaz Munduko Txapelketarako zein Olinpiar Jokoetarako sailkapena lortzea. Udako denboraldian, berriz, aire libreko bere marka pertsonala (45.97) hobetzen saiatuko da, gaur egun 400 metroko proban dagoen espezialista indartsuenetako bat dela erakutsiz.