Fernandezek, Paula Sevillak, David Garcia Zuritak eta Blanca Hervasek osatutako laukoteak 3:16.96ko marka erregistratu zuen, Espainiako errekorra hautsiz eta podiumeko bigarren tokia eskuratuz Belgikaren atzetik (3:15.60). Brontzea Jamaikak lortu zuen hasieran (3:17.13), baina lehen aldaketa irregularragatik deskalifikatua izan zen, eta Poloniak itxi zuen podiuma (3:17.44). Proba honek aurten egin du debuta Munduko pista estaliko egitarauan.
Sopeloztarrak azaldu duenez, hasieratik argi zuen bere eginkizuna: "Dena ematera irten eta kale librera ahalik eta ondoen iritsi, Paulari lekukoa egoera onean emateko". Lehen txanda lehenengo kaletik egiteak mesede gutxi egin zion, eta lekukoa azken postuan eman zuen, atleta holandarraren presiopean; hala ere, lehen aldaketan izandako nahasmenak eta nederlandarren zein estatubatuarren arteko erorikoak taldeari arnasa eman zion. Sevilla laugarren postuan abiatu zen, eta dominen lehian sartu zuen laukotea; Garcia Zuritak posizioa eutsi zuen, eta Hervasek azken txanpan errematatu zuen, Jamaikako Leah Anderson gaindituta.
Fernandezek, gainera, 400 metroko banakako proban ere lehiatzeko aukera izan du Munduko rankingaren azken eguneratzeei esker: finalerdietara sailkatu, eta 12. postuan amaitu zuen bere debutean. Poloniara abiatu aurretik "denboraldiko hitzordu garrantzitsuena" zela esan zuen Sopeloztarrak, eta "parte hartzera ez, lehiatzera" zihoala azpimarratu zuen; aste-akabuko emaitzek baieztatu dutena.
2003an, Sopelan jaiotakoa, Markel Fernández 400 metroko espezialista da, eta Basque Team Zentroan maiz aritzen da prestakuntza eta jarraipen teknikoa lantzen. Faduran eta Zorrozako pistan entrenatzen du, eta gaur egun FC Bartzelonaren koloreakaz lehiatzen da. Azken urteetan jauzi handia eman du: 2025ean, Europako pista estaliko txapelketan 4x400ean azpitxapeldun izan zen (Espainiako errekorragaz), eta 2026an, Valentzian, bere lehen titulu nazional absolutua irabazi du pista estaliko 400 metroan. Torungo zilarrarekin, Sopelako atletak beste mugarri bat jarri dio bere ibilbideari, nazioarteko elitean gero eta sendoago.