Espainiako Polizia Nazionalak 2021eko uztailean, lau herritar atxilotu ostean abiatutako auziaren ondorioz, 32 urteko espetxe zigor eskaera, zortzi urte pertsona bakoitzeko eta 112.400 euroko isuna ezarri gura dizkiete Sopelako lau herritarrei. Bada, prozesuaren berri emateko asanblea informatiboa eta prentsaurrekoa egingo dute domekan, hilaren 12an, Sopelako Jauregizar plazan.
Auzipetuen alde antolatutako herri-mugimenduak etengabe salatu du "muntai polizial" baten aurrean gaudela, eta herri-mugimenduan aktiboki lanean ari ziren lau herritar izutzeko asmoagaz jarri zutela martxan operazio hau. Orain arte azpimarratu dutenez, inongo frogarik gabe eta modu desegokian burutu dute prozesu guztia, eta orain, lau sopeloztar horiei 32 urteko espetxe-zigorra eta 112.400 euroko isuna ezarri gura dizkietela.