Elkarrizketak

Sopelako 4ekin1: "Auzi honek herritar guztiak interpelatzen gaitu"

Iker Rincon Moreno 2026ko urtarrilaren 30a

Manifestazio jendetsua egingo dute bihar, urtarrilak 31, auzipetuak izaten ari diren lau sopeloztarrei elkartasuna adierazteko. © SOPELAKO 4EKIN1

Lau sopeloztarren aurka 2021ean abiatutako auziak kezka handia eragin du udalerriko auzokide askoren artean. Muntaia baten aurrean gaudela salatu dute, eta, horri erantzun guran, mobilizazioa deitu dute urtarrilaren 31rako. Epaiketa aldi bitan atzeratu dute, eta gaur gaurkoz ez dakite noiz izango den. Hala ere, "auziaren larritasuna" ikusarazteko premia agertu dute.

Nola jaso zenuten lau sopeloztarren kontrako auziaren berri, eta noiz hasi zineten susmatzen muntaia baten aurrean egon zintezketela?

Auziaren berri 2021eko uztailean izan genuen; hain zuzen, Espainiako Polizia Nazionala lau sopeloztarren etxeetara joan eta atxilo eraman zituenean. Egun hartan, Indautxuko komisariara eraman zituzten, eta bertan jakinarazi zieten zer delitu egozten zieten. Epaitegian deklaratzeko lehen hitzordua urte hartako azaroan izan zen.

Egia esan, hasiera-hasieratik sumatu genuen muntaia baten aurrean geundela. Atxiloketaren unean bertan jakin genuen lau pertsona horiek ausaz atxilotu zituztela. Era berean, prozesu judizialak aurrera egin ahala, eta akusazioaren jarrera zein irregulartasunak ikusirik, asmo horretan berretsi gara.

"Lau pertsona horiek akusatzeko nahikoa frogarik ez dagoela baieztatu dute, bai auzia birritan artxibatu izan duten bi epaile desberdinek, zein fiskalak berak"

Testuan azpimarratzen duzue auzia birritan artxibatu zela eta fiskala erretiratu egin zela. Zer irakurketa egiten duzue horrek guztiak gaur egun indarrean jarraitzen duen zigor eskaerari buruz?

Bi kasu horietan, froga falta argudiatu dute. Alegia, lau pertsona horiek akusatzeko nahikoa frogarik ez dagoela baieztatu dute, bai auzia birritan artxibatu duten bi epaileek, bai fiskalak berak. Gure ustez, horrek hasieratik salatu dugun muntaiaren ideia indartu baino ez du egiten. Izan ere, lau sopeloztar frogarik gabe jarri dituzte gisa honetako eskaera baten aurrean, horrek dakarren guztiarekin.

Epaiketa, izatekotan, noizko aurreikusten da?

Epaiketa egongo da. Hasiera batean, otsailaren 4an izango zela jakinarazi ziguten, baina azken asteetako gorabeheren ostean, atzeratu egingo da. Abenduaren amaieran, epaileak hala eskatuta, martxoaren 3ra atzeratuko zela esan zigun. Aurreko astean, ordea, akusazioak eskatuta, berriz atzera litekeela zabaldu da. Hala, gaur-gaurkoz oraindik ez dakigu noiz egingo den. Esan beharrik ez dago honek lau pertsonentzat suposatzen duen zama izugarria.

Zuen esanetan, auzi honek herritar guztien eskubideei eragiten die. Zer arrisku ikusten dituzue kasu honek aurrekari bihurtuz gero?

Bai, auzi honek herritar guztiok interpelatzen gaitu. Inongo frogarik gabe, eta muntaia baten ondorioz, lau herritar urte luzetako espetxe-zigorrera kondenatu nahi dituzte. Horrek oinarrizko eskubideen urraketa izugarria dakar, eta aurrekari oso larria ezartzen du, aurrerantzean edozein herritar modu arbitrarioan jazartzeko. Beraz, lau pertsona horiekiko elkartasunagatik ez ezik, ororen oinarrizko eskubideen defentsan ere mobilizatu behar dugu.

"Muntaia hau garai horretan Sopelako hainbat jarduera sozialetan oso aktibo ari ziren pertsona desberdinak jazartzeko martxan jarri zuten"

2021eko testuinguru sozial eta politikoa aipatzen duzue. Uste duzue jardun sozial horrek zuzenean baldintzatu duela operazioa? Nola?

Bai, zalantzarik gabe. Muntaia hau, garai hartan Sopelako herri-mugimenduetan oso aktibo zebiltzan pertsonak jazartzeko martxan jarri zuten. Zehazki, garai hartan udaltzain batzuekin izandako liskarrek eragin zuzena izan dute egoera honetan. Urtarrilaren 31ko mobilizazioa deitu duzue.

Zer espero duzue egun horretatik, eta zer mezu bidali nahi diezue herritarrei, instituzioei eta justizia sistemari?

Urtarrilaren 31koa elkartasun indar-erakustaldi bat izatea nahi dugu. Hitzorduari begira buru-belarri lanean ari gara, ahalik eta jende gehien biltzeko helburuarekin.

Sopelako herritarrei dagokienez, helarazi nahi dugun mezuaren parte izatea nahi dugu. Hasieratik ahalegindu gara gai hau taldetik harago joan dadin; herri osoak bat eginda bultzatutako dinamika izatea nahi dugu. Justizia sistemari, berriz, auzi honen larritasuna ikusarazi nahi diogu, epaiketara ahalik eta berme handienekin heltzeko.

Egun horretatik aurrera, zeintzuk izango dira hurrengo pausoak?

Hainbat aukera aztertzen ari gara. Planteamendu zehatzak egin aurretik, epaiketa noiz izango den jakin behar dugu. Beraz, horren zain gaude. Dena den, egingo duguna egingo dugula, funtsezkoa izango da ahalik eta babes eta ekarpen handiena jasotzea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun