Sopelako Udalak atzera bota du Sopelako Auzo Alternatiba (AVS/SAA) taldeak Iberreko institutua handitzeko proiektuaren aurka jarritako berraztertze-errekurtsoa. Erabaki honegaz, Sopelarentzako "estrategikoa" den hezkuntza-azpiegitura hau bideratzeko prozesuak aurrera jarraitzen du. Azaldu dutenez, daborduko, Udalak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari bidali dio lursailak behin-behinean urbanizatzeko aurreproiektua, sailak onespena eman dezan eta lanakaz hasi ahal izateko.
AVS/SAAk urbanizazio-proiektuaren aurka egiteko bi argudio nagusi erabiltzen zituen: batetik, hirigintza-araudiak lursail guztiak hezkuntza-erabilerarako direnik aurreikusten ez zuela; eta, bestetik, Iberrota kalea lekualdatzeko lurren kalifikazioak horrelakorik baimentzen ez zuela.
Sopelako Udalak, ordea, erantzun du Abaroko Plan Partzialak berak aurreikusten duela lursail hori hezkuntzarako erabiltzea eta, horretarako, Iberrota kalearen moldaketa beharrezkoa dela. Udalak nabarmendu duenez, orain arte ekimena hartu du Abaroko sektorearen garapenaren zain egon gabe, lursailak aldez aurretik okupatuz eta Eusko Jaurlaritzari lagaz, "Sopelaren interes orokorraren alde" jarduteko.
Errekurtsoa ezetsita, udal-korporazioaren gehiengo zabalak, 17 zinegotzietatik 16k, eta Zipiriñeko zein Iberreko ikasleen gurasoen elkarteek bat egin dute proiektuaren defentsan. Hori gizarteratzeko institutuaren aurrean agerraldia egin dute gaur goizean, eta Marisa Gadea AVS/SAA alderdiko zinegotzi bakarrari eskatu diote bere jarrera berriz aztertzeko eta "Sopelaren interes orokorrerako lehentasunezkoa den proiektu baten garapena errazteko".
Prozesu judizialaren egoera
AVS/SAEk administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri zion 2023an Abaroko Plan Partzialari, eta EAEko Justizia Auzitegiak arrazoia eman ziola Sopelako Udalari 2025eko irailean. Hala ere, Sopelako Udalaren aldeko epai horren aurka, AVS/SAAk kasazio-errekurtsoa aurkeztu zuen iazko abenduaren hasieran, eta EAEko Auzitegi Nagusiak errekurtso hori aztertzeko zain dago, Sopelako Udalak berak formalki aurka egin ondoren.
Hezkuntza-premiei erantzuna
Proiektua herriarentzat estrategikotzat jotzen dute udal-taldeek (EH Bildu, EAJ, PSE-EE eta Elkarrekin Sopela) eta guraso elkarteek. "Berriro azpimarratzen dugu premiazkoa dela egungo eta etorkizuneko ikasleen beharrei erantzungo dieten hezkuntza-azpiegiturak izatea. Iberre institutua handitzeko proiektuak aurrera egitea funtsezkoa da dauden beharrei irtenbidea emateko". "Premiazkoa da egungo eta etorkizuneko ikasleen beharrei erantzungo dieten hezkuntza-azpiegiturak izatea", adierazi dute.
Orain, Eusko Jaurlaritzaren onespenaren zain, Udalak aurrera egingo du Iberrotako bidea lekualdatzeko eta institutua handitzeko beharrezkoak diren urbanizazio lanakaz. Udalak aurreratu du urbanizazioaren behin-behinekotasuna kontuan izanda aztertuko duela zein kostu egotzi dakizkiekeen Abaro sektoreko jabeei; kostu horiek Plan Partziala guztiz garatzen denean zehaztuko dira.