‘Euskal Herritik Mundura Ampo Txapelketa

Sopelatik aterako dira mundialera joango diren palistak

Ander Zarraga 2026ko maiatzaren 8a

Atzo egin zuten Sopelan hasi eta amaituko den Euskal Herritik Mundura Ampo Txapelketaren aurkezpena. © EEPF

Pala profesionalaren esleipenaren eta kudeaketaren polemikak bizi-bizi jarraitzen duen bitartean, Argentinan jokatuko den Munduko Pala Txapelketarako Euskal Selekzioa osatzeko hautaketa-prozesua Sopelan hasi eta bukatuko da. Lehiaketako lehen partiduak gaur bertan jokatuko dituzte, 19:30etik aurrera: Landeta eta Alkorta Madariaga eta Sierraren aurka arituko dira lehenik, eta Altuna eta Ceni Zubiri eta Gordonen aurka ostean. Final handia ekainaren 6an, 18:00etan, izango da Sopelan ere bai.

Pala profesionaleko gatazkak bere horretan jarraitzen du Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaia Frontoia kudeatzeko esleipena Jose Ramon Garai buru duen Giroa Baiko Eragin enpresari eman ostean. Palistek salatu dutenez, irregulartasunez beteta egon den prozesua "interes pertsonalek gidatutako 'txiringito'" bat izan da. Izan ere, kontratuak bukatu arte greban egon diren palistek babestutako Enaitz Olaetaren KTD enpresaren eskaintza baztertu zuen Aldundiak, bideragarritasun tekniko-ekonomikoak argudiatuta.

Iker Gordonek ere argi utzi du jokalariek egungo kudeaketagaz duten desadostasuna: "Ulertezina da emaitza txarrak izan arren Innpala enpresari kudeaketa ematen jarraitzea". Dena den, gatazka honen erdian, palisten arteko giroa "oso ona" dela azpimarratu du sopeloztarrak. "Hasieratik ideia berdinekin eta oso lotuta egon gara; gogorra da, baina gure esku dagoen neurrian, lanean jarraitzen dugu", azaldu du. Jokalarien batasuna da, hain zuzen, kudeaketa instituzionalaren talkaren aurrean duten babes nagusia, enpresaren profesionaltasun falta eta gardentasun eza salatu baitute behin baino gehiagotan. Gordonek erantsi duenez, errekurtso bat irabazita izan arren, Diputazioak ez ditu irizpideak edo arrazoiak azaltzen: "Ez dute inolako argudiorik".

Formatu berria. Erabaki horren aurrean, palistek eta Basquemotion izeneko enpresak formatu berritua dakarren txapelketa antolatu zuten martxoan, baita sarrera guztiak agortu ere. Bilboko Club Deportivon egin zuten jaialdian, Esteban Gaubeka, Asier del Rio, Jagoba Madariaga, Ibai Perez, Roman Maldonado eta Iker Gordon aritu ziren, besteak beste. Gainera, zesta-puntako Eraman! Jai Alai formatuari jarraituz, Janus Lester, Doctor Deseo eta Sorotan Bele taldeen emanaldiak ere izan ziren partiduakaz batera. 

"Batean sarrerak agortu ziren bitartean, Innpalaren finalean ikusle kopurua oso urria izan zen, sarrera doan izan arren; egoera lotsagarria da", gaineratu du Gordonek.

Mundiala

Testuinguru zail honetan, kirolak aurrera egiten du, eta Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzak (EEPF) Euskal Herritik Mundura txapelketa aurkeztu du, 2026ko palako erreferentziazko hitzordua. Txapelketa hau Argentinan jokatuko den Munduko Txapelketarako hautaketa-prozesuaren ardatz nagusia izango da.

Txapelketa honetan bi formatu izango dira: Larruzko Paleta eta Pala Motza. Bietan, kirolariek abiadura, teknika, indarra eta zehaztasuna erakutsi beharko dituzte, eta parte-hartzaile guztiak 1etik 4rako zenbaki bidez sailkatuko dira, eta bikoteak zozketa bidez ezarritako errotazio-sistemaren arabera aukeratuko dituzte; beraz, ez da bikote finkorik egongo, lehiaketari pizgarria erantsiz. Txapelketa Sopelan hasiko da maiatzaren 8an, eta Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat frontoitan jokatu ostean, finala Sopelan ere izango da ekainaren 6an.

Babes honen bidez, Sopelako Udalak hiru helburu lortu gura dituela azpimarratu du: euskal pilota bultzatzea, euskal selekzioari babes iraunkorra ematea eta herriko frontoia pilotazaleen mapan leku nabarmenean jartzea. Era berean, Udalak eskerrak eman nahi dizkio Kurene elkarteari, euskal pilotaren munduan egiten ari den lan bikainagatik, eta babes osoa adierazi die herrian kirol hau sustatzen jarraitzeko.

Gordonek ez du ezkutatu txapelketa honen garrantzia, bereziki Sopelan, etxean, lehiatuko delako: "Finala Sopelan, etxean, jokatzea eta irabaztea ametsa litzateke".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun