Esteban Gaubeka eta Iker Gordon: "Palak bizirik jarraitzen duela erakutsi dugu"

Ander Zarraga 2025ko urr. 22a, 15:16

Iker Gordon eta Esteban Gaubeka, Kurene Pala Proam txapelketako irabazleak.

Irailean, Sopelako pilotalekuan jokatu zen Kurene Pala Proam txapelketa irabazi zuten Esteban Gaubekak eta Iker Gordonek. Hala ere, garaipen gazi-gozoa izan zen egiten ari diren grebagatik.

Kurene Pilota Elkartearen eta Sopelako Udalaren ekimenez jokatutako txapelketari esker, berriz ere palista profesional sentitu direla adierazi dute Esteban Gaubeka armintzarrak eta Iker Gordon sopeloztarrak. Irailaren 29an jokatu zuten finalean, 14-15 eta 10-15 mendean hartu zituzten Garate eta Imanol, gainezka egon zen Sopelako udal-pilotalekuan.

"Astelehenetan jokatu ditugu partidak, egun zailak jendea erakartzeko, baina, hala ere, frontoia gainezka egon da; pala profesionalaren arazoa da nork eta nola kudeatzen den, frogatu baitugu ez dituztela gauzak ondo egin nahi. Baliabide gutxirekin eta gogo askorekin frontoia betetzea lortu dugu guk", adierazi du Gordonek, Innpala enpresagaz duten gatazkaren inguruan. Izan ere, txapelketa pala profesionala impasse egoera batean dagoen bitartean jokatu da, langileak martxotik baitaramate greban. "Oso gogorra ari da izaten, ez genuen espero horrela bukatzea, enpresatik oso txarto portatu baitira gurekin; guk baldintza duinak lortzeko akordio batera heldu nahi genuen", laburbildu du Gaubekak.

Nazioen Liga. Azaroaren amaieran, 23tik 30era, 36 metroko Nazioen Liga jokatuko da Bilboko Bizkaia Frontoian. Besteak beste, Armintzako taldeko Imanol Ibañez, Jorge Unda, Iñigo Orueta eta Esteban Gaubeka eta Kurene Pilota Elkarteko Ibon Garate lehiatuko dira. Aitzitik, oraindik Innpala enpresagaz kontratua duten jokalariek izan izango dute parte hartu, greban baitaude. Orien kontratuak hurrengo hilabeteetan iraungiko zaizkie.

Ildo berean, Gordonek ere deitoratu du ez zuela espero grebak hain luzera jotzea, ezta enpresaren erantzuna hain irmoa izatea: "Baliabide minimoak bakarrik eskatzen ditugu: gehienok ez ditugu ezta 1.000 euro kobratzen hilean, eta material guztia, garraioak, fisioterapeutak... guk ordaintzen ditugu geure poltsikotik, baita beraiek kudeatzen duten Bizkaia Frontoiko aparkalekua ere! Bitartean, beraiek dirutza bat jasotzen dute Aldunditik".

Palak bizirik jarraitzen du

Greban egon arren, Kurene Pala Proam lehiaketak frogatu du palarekiko zaletasuna ez dela galdu, palistek azpimarratu dutenez, ordea pala luzeko txapelketetan frontoiak berriz ere beteta egoteko kudeaketan aldaketa eman behar da.

Jokalariek adierazi dute udaletatik antzeko lehiaketak egiteko proposamenak jaso dituztela, baina beraien azken nahia pala profesionalean aritzea dela argitu dute. Gaur-gaurkoz, hamar jokalari profesionaletik hiruk bakarrik daukate kontratua eta horiei ere laster iraungiko zaie. Bien bitartean, enpresa pala motzean aritzen diren gazteakaz ari da partidak jokatzen, "baina horietara hamar pertsona ere ez dira joaten; profesionalak izateko oraindik ibilbide luzea falta zaie".

Bitartean, pilotariak udaren hasieran argitu behar zen esleipen berriaren zain daude, ea enpresa berri batek hartzen duen kudeaketa. "Enpresa berari hurrengo lau urteetarako lizitazioa emango dioten beldur gara", aitortu du armintzarrak. Gordonek deitoratu du ulertezina egiten zaiela Aldundiak orain dagoen enpresari dirua ematea: "Frontoia utzik daukate eta pala hiltzen ari dira; bitartean, guk ia baliabiderik gabe Sopelako frontoia betetzea lortu dugu. Frogatu dugu badagoela gauzak ondo egin nahi dituen jendea eta pala bizirik dagoela".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun