Elkarrizketak

Serafin Diaz: "Helburua gure zaletasunak garatzea da, gustuko jarduerak egitea eta aisialdia betetzea"

Laura Fontalba Colomo 2026ko maiatzaren 12a

55 kidek osatzen dute abesbatza, horietako bi heren emakumeak. © LAGUN ARTEA ABESBATZA.

Hurrengo hilabeteetarako hitzorduz betetako ibilbidea egingo du Sopelako Lagun Artea Abesbatza taldeak, besteak beste, emanaldiak eskainiko ditu AEBtatik eta Uruguaitik etorriko diren taldeakaz. 55 abeslarik osatzen dute abesbatza, horietako bi heren emakumeak. Serafin Diaz taldeko kidea da eta oso harro kontatu digu nolakoa den talde barruan egotea.

Diazek azaldu duen bezala, abesbatzaren kidea izatea ez da bakarrik abestea, bizitzeko beste modu bat baizik. "Egunero zeozer ikasten dugu, lagunakaz harremanetan gaude eta giro polita sortzen da entsegu bakoitzean. Abesti bat ikasten dugunean oso harro sentitzen gara", ziurtatu du berak. Nabarmendu duenez, taldeko kide asko adinekoak dira eta abesteak euren burua argi mantentzen laguntzen die.

Urtean zehar lan handia egiten dute, normalean beste abesbatza batzuekaz batera. "Asko mugitzen gara, bai Euskadin zehar, bai estatu mailan. Adibidez, pasa den azaroan Vigon (Galizian) egon ginen eta bi emanaldi eman genituen; datorren astean, Usansolon egongo gara. Aipatzekoa da Begoñako musika hamabostaldian parte hartu ohi dugula", azaldu du Diezek.

Halaber, uda honetan, nazioarteko bi taldegaz batera emanaldi oso bereziak eskainiko dituztela iragarri du Diazek. Batetik, ekainaren 10ean, Kaliforniako (AEB) Laverne Church taldeagaz arituko dira, eta, bestetik, uztailaren 8an, Uruguaiko Maysupi taldea izango da gonbidatua. Bi kontzertuak Sopelako San Pedro Elizan egingo dituzte. Aurreratu duenez, "erronka handia da guretzat eta gure errepertorioren hoberena eskainiko dugu". 

Badira 20 urte taldea sortu zenetik eta etorkizuneko plan oso argiagaz jarraitzen dute lanean: abesteko zaletasuna mantentzea, Iker Freire zuzendariagaz batera abesbatzaren errepertorioa handitzea (bai euskarazkoa bai erdarazkoa) eta abesbatzaren kalitatea hobetzen segitzea. "Abeslari asko pasa dira, hasierako batzuk oraindik mantentzen dira, berriak sartu gara eta egindako lanez harro sentitzen gara", aitortu du Diazek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun