Sopelako Kuadrillak

Azkena eta Etxera kuadrilla: "Jaiak ez dira egun batzuetako kontu hutsa: urte osoan egindako lanketaren emaitza dira"

Ander Zarraga 2026ko maiatzaren 29a

Azkena eta Etxera kuadrillako kideek irabazi zuten iazko lehiaketa.

Sopelako jaietarako hilabete falta da oraindino, baina kuadrillek urte osoa daramate prestatzen, edo itxaroten bahitzat. Iazko Azkena eta etxera izan zen iazko kuadrilla-lehiaketako lagunarte irabazlea; beraiekaz egon gara prestaketak nola doazen eta jaiak nola bizi dituzten galdetzeko. Prest izango ote dute jaitsierako mozorroa?

Iaz Sopelako jaietako kuadrilla irabazlea izan zineten. Espero zenuten txapeldunak bukatzea jaiak? 

Ez, aurreko urtean ez genuen espero txapeldunak izatea. Nahiz eta jaitsieran lehen postua lortu genuen, gainontzeko jardueretan ez ginen oso fin ibili eta zalantza asko izan genituen azken unera arte. Aitortu beharra dugu duela bi urte irabaztea espero genuela... bertso bat eta guzti idatzi genuen irabaziko genuela pentsatuta!

Zeintzuk dira gehien gustatzen zizkizuen probak? 

Gehien gustuko dugun proba jaitsiera dela esango genuke. Denbora asko ematen dugu ideia garatzen eta lanketaren prozesua polita izaten da. Ekainaren hasieran hasi ohi gara prestatzen eta jaitsiera eguna iristen denean, hilabete oso bateko lana ikusten da. Gainera, adin desberdinetako kuadrilla askok parte hartzen dute ekintza honetan, beraz, herri-giroa asko sustatzen duela esan genezake. Sopeloztar oro parte hartzaile eta protagonista bihurtzen da egun honetan eta horrek sortzen du jaitsieraren berezitasun hori; giro ederra sortzen baita. 

Eta gutxien? 

Gutxien gustatzen zaizkigunak kozinatzea eskatzen duten frogak dira. Egia da kuadrillan partaide asko garela, baina oraindik ez dugu aurkitu nork duen sukaldari sena. Marmitako frogan eskuratu genuen puntuazioa jakingo bazenute... A ze lotsa!

Iaz arazoren bat egon zela komentatu zeniguten. Horren inguruan berba egin gura duzue? 

Urtero egoten dira arazoak, izan ere, lan handia eskatzen du horrelako txapelketa eta jai herrikoiak antolatzeak. Urtean zehar hamaika ekintza egiten dira Sopelan kuadrillen txapelketaren inguruan, eta horietan puntu asko lor daitezke, baina lan handia da horren jarraipena egitea. Hala ere, txapelketa hau antolatzen ibiltzen diren horientzako hitz onak besterik ez ditugu, normala baita zenbakietan gorabeherak egotea. Gainera, aurreko urtean izandako arazoa nahiko azkar konpondu zen; gainontzeko kuadrillek izan zuten erantzuna eskertzeko modukoa izan zen.

"Txapelketaren garaipena lortzea bereziki zaila ikusten dugu aurten, nahiz eta urtean zehar ekintza guztietan parte hartu, ez dugulako puntuazio nahikorik lortu"

Aurten garaipena errepikatuko duzue? 

Momentuz ez dugu ezta jaitsierako gaia adostu ere. Beti ibili ohi gara azken momentura arte zalantzekin, zer nolako jaitsiera egin ezin erabakita. Baina behin ideia bururatuta, lanean hasi eta gogotsu ibiltzen gara emaitza ikusteko. Txapelketaren garaipena lortzea bereziki zaila ikusten dugu aurten, nahiz eta urtean zehar ekintza guztietan parte hartu, ez dugulako puntuazio nahikorik lortu. Baina itxaropena ez dugu galtzen, eta badakigu azken bi urteetako jaitsieraren garaileak nortzuk izan garen. Zergatik ez hirugarren aldiz?

Zeintzuk dira hobeak, sanpedroak edo Larrabasterrako karmenak? Zergatik? 

Joe, galdera zaila da hori. Baina bat hautatu beharko bagenu Sopelakoak izango lirateke. Nahiz eta Larrabasterrako jaiek baduten zerbait berezia, orokorrean kuadrillek ekintza gehiago izaten ditugu Sopelakoetan; Larrabasterrakoetan lasaiago ibiltzen gara. Hala ere, belaunaldi berriak indartsu datoz eta Larrabasterran ere ekintza berriak sortu dira: playbacka, pintxo lehiaketa…

Zergatik dira Sopelako jaiak hain bereziak? 

Urte osoan zehar egiten den herrigintzaren ospakizuna direlako, batez ere. Sopelan urtean zehar sortzen da giroa, eta gazteen arteko harremanak indartzen eta loratzen joaten dira. Horren ondorioz, giro euskaldun eta komunitario bat eraikitzen da herrian; azken finean, jaiak benetan gureak sentitzen ditugu.

Jaiak ez dira egun batzuetako kontu hutsa: urte osoan egindako lanketaren emaitza dira, herritik sortuak eta herriarentzat antolatuak. Horrek harrotasun handia eragiten dio sopeloztar askori. 3, 4 edo 5 eguneko jaiak izan arren (eta noizbait 10 eguneko sanpedroak ere izan ditugu), egun horiek bereziak eta biziak izaten dira herriko adin eta gustu guztietako jendearentzat, denek aurkitzen baitute zer egin eta zer ospatu.

"Egiten duten aisialdi eskaintza erakargarria da eta Sopelan horrelako eragile bat izatea eskertzekoa eta pozik egotekoa da"

Sopelan gazteak mugiarazten dituen eragile bat badago Sopelako Kuadrillak dira horiek. Zergatik lortu dute hainbeste arrakasta herrian, nola deskribatuko zenukete beraien lana? 

Gaur egun Sopelako Kuadrilla elkarteak duen arrakasta ez da harritzekoa. 15 urte daramatza martxan eragile honek, baina aurretik Sopelako zenbait gazte aisialdi alternatibo baten alde hasi ziren lanean. Bertatik, Sekeko gaztetxetik hain zuzen ere, sortu zen elkarte hau eta aurten XV. urteurrena ospatu dugu egun zoragarri batekin. 

Hamabost urte hauetan zehar herri euskaldun, anitz, parte hartzaile eta feminista bat eraikitzen jardun du kolektiboak. Urtean zehar ekintza ugari antolatzen dira eta horrek eragin du gero eta kuadrilla gehiagok parte hartzea. Azken urteetan sekulako indarra hartu dute bi jarduerek: Korto Express txapelketa eta Musikaren Eguna. Egiten duten aisialdi eskaintza erakargarria da eta Sopelan horrelako eragile bat izatea eskertzekoa eta pozik egotekoa da.

Beraz, beraien lana deskribatzeko hitz gutxi geratzen zaizkigu: konpromisoa, elkarlana eta herriari egindako ekarpena. Eskerrak eman nahi dizkiegu gaur arte Sopelako Kuadrillak elkartean lanean ibili diren guztiei; erakutsi eta sinestarazi digutelako herria bizirik mantentzea, kultura eta euskara sustatzea, eta giro osasuntsu eta parekide bat eraikitzea posiblea dela. Horregatik, Sopelako Kuadrilla elkartea erreferente bihurtu da herriko askorentzat, eta etorkizunean ere bide beretik jarraitzea espero dugu.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun