Elkarrizketak

Martia, Sopelatik Mundura

Xabi Mendia 2026ko ekainaren 2a

Joana eta Andoni, Martia taldea

Joana Moso eta Andoni Ortiz sopeloztarrek herriko aratusteetan kasualitatez ezagutu zuten elkar; bata abokatua, heziketa fisikoko irakaslea bertako ikastolan bestea. Edozelan be, biek zuten musikaren sua aspalditik piztuta. Esan eta egin… antzeko doinuak gustuko zituztela konturatu eta Sopela inguruko euskara zaharrean proiektua jaio zeneko hilabetearen izenagaz bataiatu zuten taldea. Martia proiektua jada abian zen.

Andonik berak aipatzen duen moduan, "Lehenengo entsegua Ander Deuna Ikastola inguruko mendian egin genuen, eta Joanak aurkeztutako kantuakaz zoratuta geratu nintzen. Berak etxean sortutako kantak hasiera batean ingelesez baziren ere, azkar konturatu ginen bertokoak izanik euskara gure musikan barneratu behar genuela. Ez genekien zein norabide hartu nahi genuen baina jada txinparta piztuta zegoen”.

Hasiera batean, Joanak ez zuen oso argi emaitza zein izango ote zen, bere hitzetan "jada 23 edo 24 urte nituen, ikasketak amaituta eta lan-munduan buru-belarri sartzeko bidean. Ez nuen inolako esperantzarik etxeko gelan egindako melodia haiek inoiz jende aurrean kantatuko nituenik, baina Andoniri esker betidanik gustuko izan dudana egiteko ausardia puntua lortu nuen”.

Hilabeteen joan-etorriarekin eta lan askoren poderioz Urdulizko Tio Pete Estudioetan sartu ziren lehen diskoa grabatzeko asmoz. "Egun eta ordu asko sartu genituen une hartan guk nahi genuen kantu-sorta lortu arte. Langile petoak gara biak eta emaitza behar bezalakoa izan arte jo eta ke lanean jarraitu genuenez genuen” dio Joanak.

Oholtzara igotzeko unea laster iritsi zitzaien, eta hori benetako erronka izan zen bientzat. "Ni izatez nahiko lotsabakoa banaiz ere, uste baino urduriago ikusi nuen nire burua”, onartzen du Joanak. "Zure artea edo sentimenduak jende aurrean zabaltzen dituzuenean beti sortzen da zalantza bera: entzuleei gure proposamena gustatuko al zaie?”.

"Guretzako Euskaraz gauzak egin eta adieraztea naturala denez, gustuko dugun musika estiloan gure hizkuntzak nolako indarra izan zezakeen probatu nahi genuen"

Andonik ere gogoan dauka lehen kontzertu hura: "Oso urduri nengoen, izugarri! Txarto pasatu arren esperientzia gustatu zitzaidan beraz filosofiaz hartu eta hobetu behar nuela konturatu nintzen. Ni irakaslea naiz eta ez daukat ohiturarik, baina era berean baliogarria izan zait ikasleei erakusteko bizitzan beti aurrera egin behar dela, errespetuz eta norberaren buruarengan konfiantza osoz”.

"Zeru oro urez"

Zortzi kantek osatzen duten Zeru oro urez (palindromoa) diskoak jada ibilbide zabala izan du Martia taldeak eszenatokiak hartu zituenetik eta erantzun ezin hobea jaso du entzuleen partetik. "Disko honek hasi ginean gustuko genituen doinuak biltzen ditu eta hasieran talde bezala erakutsi nahi genuena ederto azaltzen du. Hurrengo diskoa ildo beretik joango ote den ez dakigu, baina seguru azkenaldian hartu dugun ezagutzak eta esperientziak beste nonbaitera eramango gaituela” adierazi digu Andonik.

Ekaina amaieran Arabako Izarra herrian aurreikusita duten kontzertuaren ostean, Joana eta Andoni berriro buru-belarri jarriko dira bigarren diskoaren prestaketa-lanetan, kanta berriak entzuteko irrikan dauden zaleen gosea ahalik eta lehen bai lehen asetzeko asmoz. Bitartean, hondartza ertzean udako ilunabar eder bati soinu banda aproposa jarri nahiko lioken edonork, melodia gogoraerraz eta malenkoniatsuak nahi izanez gero, ez galdu aukera Martia taldeaz une gogoangarriak musikatzea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun