Udalak dioenez, egungo kirol-gunea "zaharkituta dago eta gabezia nabarmenak ditu igerileku esparruaren inguratzailean, instalazioetan eta portaera higrotermikoan". Hori dela eta, erosotasuna, energia eraginkortasuna eta zerbitzuaren kalitatea gutxitu dira. Udalak aitortu duenez: "Gaur egungo instalazioak ez dira nahikoak herritarren beharrei erantzuteko, ez edukierari dagokionez, ezta erabilera aniztasunari dagokienez ere".
Udalerriko egungo beharrei erantzun ahal izateko, proiektuak ekipamenduaren baldintzak hobetzeko eta egungo eskarira egokitzeko asmoa du. Horretarako, udaletxetik azaldu dute lehendik dagoen eraikina eraberrituko dutela: inguratzaile termikoa eta arotzeriak hobetzen, instalazio termikoak, klimatizaziokoak eta aireztapenekoak erabat berritzen, igerileku esparruaren kontrol higrotermiko egokia egiteko jarduerak egiten, barruko espazioak berrantolatzen, aldagelak berritzen eta argiztapena hobetzen.
Gainera, proiektuagaz, egungoari 1.800 metro koadro inguruko eraikin berri bat atxikiko diote. Adierazi dutenez, eraikin horretan, fitness eta jarduera gidatuetarako areto berriak, spinning aretoa, aldagela berriak, espazio osagarriak eta instalazioak, kafetegia izango duen eremu bat eta kirol erabilerako estalki bat egongo dira.
Aldaketa eta berrikuntza guzti horiek bi fasetan egingo dira eta 5.900.000 euro inguruko kostua izango dute, azken hamarkadan Sopelako Udalak egin duen udal inbertsiorik handiena izanez. Udalak gaineratu duenez, zerbitzu horiek etorkizunera begira modu jasangarrian funtzionatuko dutela bermatzeko pentsatutako plangintza da; kirol arloa antolatzeko eta hobetzeko urratsak jarraitzeko helburuagaz.