Siriako errefuxiatuentzako 2.200 euro batu dituzte urduliztarrek

Iker Rincon Moreno 2016ko urt. 14a, 18:30

Azokatxoa antolatu zuten emakumeak. © BIZKAIKO GURUTZE GORRIA

Urdulizko herritarrek bere alderik solidarioena agertu zuten, joan den urriaren 24an eta 25ean egindako azokaren bitartez. Izan ere, ekimen horri esker, 2.233,80 euro bildu zituzten, eta oraintsu jakinarazi dute, Bizkaiko Gurutze Gorriaren bitartez helaraziko dietela Siriako errefuxiatuei.

Azoka solidarioaren ekimena Urdulizko emakume-talde batek bultzatu zuen, Siriako errefuxiatuek bizi duten egoera gogorraren aurrean zerbait egin behar zutela uste baitzuten. Horrenbestez, ideia aurkeztu eta Udalak Iparralde kiroldegia utzi zien dohainik, han egiteko azoka. Horretarako, oso prezio merkean saldu ziren herritarrek emandako produktuak, berbarako: liburuak, jostailuak, altzariak, etxeko tresneria, makineria, arropa eta apaingarriak. Saldu barik geratutako produktu guztiak Caritas erakundeari eman dizkiete, beharrizana duten lagunei eman diezaien.

Bestelako jarduerak

Salmentez gainera, egun horietan, azokan bestelako jarduerak ere egon ziren. Besteak beste, trikiti musikaren emanaldiak eta umorezko irakurketa dramatizatuak, Getxoko Itxartu elkartearen antzerki-taldeak antolatuta.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun