Elkarrizketak

Akaitze Kamiruaga Garitaonandia: "Ume euskaldunak alfabetatzea zen helburua"

Kepa Ugarte Martiarena 2016ko mai. 10a, 12:38

"Kili-Kili. Euskara pozgarri" erakusketa ekainaren 26ra arte egongo da ikusgai Bilboko Euskal Museoan. Bertako Udalak eta Labayru Fundazioak antolatu dute esposizioa, euskarazko aldizkariaren 50. urteurrenean. Horrez gainera, dokumentala eta liburua egin dituzte; Akaitze Kamiruaga Garitaonandia Labayruko kide urduliztarra ibili da, lankideakaz batera, horiek denak prestatzen.

Gaur egun bestelako komikiak ezagutzen dituzten gazteei, zelan azalduko zenieke "Kili-Kili" zer zen?
"Kili-Kili" komikia izatera heldu zenerako, aurretik beste pauso batzuk emanda zeuzkan. Bilboko San Anton elizako katekesi-talderako sortu zen materiala zen hasieran "Kili-Kili"; fotokopietan banatzen ziren horri xume batzuk baino ez ziren. Bizpahiru orri horiek katekesiaren ekintzen berri izateko balio zien haurrei: zelako irteerak egingo ziren, mendira joango zirela... Gainera, hori dena dagokion testuinguruan kokatu beharra dago; diktadura-garaian oraindino, garai ilunak sufritu ostean, 60ko hamarkadan loraldi moduko bat egon zen. Hasi ziren berriro kontzientzia hartzen euskara indartu egin behar zela eta euskal kulturaren garrantziaz; garai hartan sortu ziren mendi-taldeak, abesbatzak, antzerki-taldeak, dantza-taldeak... Aurten hasi dira horretariko talde batzuk euren 50. urteurrena ospatzen, "Kili-Kili"-k berak egin duen moduan.

Zein izan zen hurrengo pausoa?
Nahiz eta fotokopia xume batzuk izan, umeen artean arrakasta itzela eduki zuten, eta, ondorioz, ez ziren izan agintarien gustukoak. Debeku moduko bat ere etorri zen... Orduko Kili-Kili pertsonaia ez zen gaur egun txapelagaz eta laukidun kaikuagaz ezagutzen dugun hori. Hala ere, bazegoen beste mutiko bat Kili-Kili izenekoa; aldizkaritxo horren azken zenbakia izango zela pentsatzen zutenez, agur moduko bat egin zuen Kili-Kilik esanez bera gaixorik zegoela eta bera osatuko zela umeek berari gutun bat idatziz gero. Baina argitalpenaren azkena izango zenak alderantzizko eragina eduki zuen: gutun piloa hasi ziren jasotzen San Anton elizan. Orduan, don Klaudio Gallastegi abadea eta Jose Antonio Retolaza aldizkariaren sortzailea konturatu ziren herrietako umeek euskaraz berba egiten bazekitela, baina neska-mutiko haiek alfabetatu barik zeudela; ez zekiten idazten, ezta irakurtzen ere. Ikusi zuten hor eginbehar bat zegoela; "Lan eta lan" koadernoak sortu zituzten. Argitalpen horretarako sortu zen guk ezagutzen dugun pertsonaia. 1969tik 1972ra bitartean, 12 zenbaki atera zituzten.

Euskarazaleak elkartearen laguntza ere berebizikoa izan zen, ezta?
Derrigor aipatu beharreko erakundea da; "Kili-Kili" bizpahiru orriko argitalpena baino ez zenean, debeku moduko hori etorri zenean, Euskarazaleak taldeagaz elkarlanean ibili ziren behar ziren baimenak eskatzen administrazioan, Madrilen, eta abarretan. Gaur egun oraindino existitzen den Euskarazaleak erakundeak bere ibilbide osoan lagundu izan dio "Kili-Kili"-ri.

Zer ziren "Lan eta lan" koadernoak?
Umeek betebeharreko ariketak eta kopiatzeko testuak agertzen ziren bertan; batez ere ume euskaldunak alfabetatzea zen helburua. Baina bazeukan alor berritzaile bat: jolasa zen garrantzitsuena. Orduko eskolan, neska-mutilek ezagutzen zutena zigorra izaten zen; "Lan eta lan" koadernoek beste era bateko ikasketa proposatzen zuten. Batetik, jolasaren bidez; bestalde, sariak ere egoten ziren.

Ariketak egin behar zituzten; gero, koadernoak Bilbora bidaltzen zituzten zuzentzeko, eta berriro bueltatzen zitzaizkien umeei. Koadernoak beteta, puntuak lortzen zituzten neska-mutilek, sariketetan parte hartzeko. Era askotako sariak zeuden: baloia, bizikleta, liburuak... Baina, zalantza barik, garrantzitsuena txangoa zen; herri txikietan ez zegoen aukera handirik txangoan joateko.

Herrietara arin zabaltzen hasi zen hori dena...
Berez, Bilbon sortu zen "Kili-Kili"; baina arin zabaldu zen gero beste herrietara. Aldizkariak banatzeko, lagunen sare bat egin zuten. Hala, kili-jaiak egiten ziren gero; txokolatada egin, eta aldizkariak banatzen ziren bertan. Txanton eta Piper pailazoak ere sortu ziren mugimendu horren inguruan; euren ikuskizuna egiten zuten. Horrela egon ziren hainbat urtez. Geroago, "Lan eta lan" koadernoa etxean hartzeko, jendeak harpidetu egin behar zuen; momentu batean, harpidetza hori zabaldu zen, ez bakarrik Bizkaiko herrietara, lehen esan dudan moduan; Gipuzkoara ere zabaldu zen, Nafarroara eta Ipar Euskal Herrira ere bai. Orduan ikusi zuten sortu behar zela hor inguruan zegoen jende dena batzeko egun bat; Kili-Kili Eguna Bilbon egin zen lehenengoz, 1977an. Egun horretan aurkeztu zuten komikiaren lehenengo zenbakia.

Zelakoa zen komikia?
Gaur egun Japonian sortzen diren komikiak berehala dauzkagu hemen, euskaraz, gaztelaniaz...; atoan egiten da horien banaketa. Garai hartan bazeuden oso ezagunak ziren komikiak, berbarako, "Asterix", "Zipi Zape", "Mortadelo y Filemon", "La Pantera Rosa"; baina horiek denak gaztelaniaz zeuden edo frantsesez. "Kili-Kili"-ren berrikuntza izan zen komikiaren formatua euskarara ekarri izana.

Lander Gallastegi berangoztarra zena ere ibili zen marrazkilari "Kili-Kili" aldizkarian.
Jose Antonio Retolazak egin zuen lehenengo aldizkaria, eta berak sortu zituen "Lan eta lan" koadernoak; baina, horiek egiten hasi zirenerako, berak ezagutzen zuen Lander Gallastegi. Berangoztarra arkitektoa zen; Retolazak, Arrazolan abade zegoela, deitu zion hango elizaren konponketa egiteko. Bertan, elkar ezagutu zuten; eta proiektua bien artean eta beste askoren laguntzagaz atera zuten aurrera. Landerrek egiten zituen "Lan eta lan" koadernoetako marrazki guztiak. Gainera, oso estetika berezia zeukan; bere marrazki bat ikusi, eta atoan identifikatzen duzu.

Azken zenbakia 2003an argitaratu zen.
"Kili-Kili" sortu zen momentuan, orduan hasi ziren lehenengo ikastolak; Resurreccion Maria de Azkue, Lauro izango zana, Begoñazpi... garai hartan hasi ziren lehenengo pausoak ematen. Urteak aurrera joan ahala, Eusko Jaurlaritza eta Hezkuntza Saila sortu zirenean, euskararen hezkuntza eskoletara eta ikastoletara bideratu zen.

"Kili-Kili" bezalako aldizkari baten premia nabaritzen duzue?
Nik pentsatzen dut gaur egun, zentzu horretan, hori nahiko beteta dagoela; esan gura dut euskara ikasteko eskari hori umeen kasuan eskolak berak egiten duela neurri batean, baita gurasoen bidez ere. Leku batzuetan gertatu da lehen etxetik hartzen zen jakituria hori eta transmisio hori eten egin dela; gero, eskoletara eta ikastoletara bideratu egin da. Nire ustez, gaur egun, udalek eurek edo kultur taldeek egiten dituzten ekintzetan, gura izanez gero, eskaintza itzela da.

Gaur egun arrastorik utzi du "Kili-Kili"-k?
Lehengo egunean eduki genuen hitzaldia "Kili-Kili" dela-eta; han esan zuen batek gaur egun ezagutzen ditugun udalekuak zein herrietan egiten diren egonaldiak eta bere garaian egiten ziren kili-jaiak gauza bera direla. Kontua zen umeak batzea; herri ezberdinetako neska-mutilek elkar ezagutzea; ikustea Lekeition era batera egiten zela euskaraz, baina Ondarroan beste era batera egiten zela, edo Urdulizen horrela... Bere momentuan egon zen hazi hori da zabaldu zena; eta gaur egun ezagutzen ditugun formatu horiek bere momentuan egindakoak ziren. Hor, funtsean dagoena horixe berori da: euskararen garrantzia umeei zabaldu, eta, batez ere, neska-mutilak alfabetatzea; eta ez hori bakarrik, haurrek ondo pasatzea. Oinarrian zegoena horixe zen: elkarregaz ondo pasatu, jaiak egin... hori dena euskaraz.

Hala ere, nik ikusten dut ume askok lotzen dutela euskara eskolagaz; orduan, ikastetxe edo ikastolatik ateratzen direnean ematen du erabili behar duten erregistroa ez dela euskara.

Kili-Kili

"Kili-Kili"

"Kili-Kili", 1966an Bilbon, San Anton elizako katekesiko ekintzen artean sortutako egitasmoa da. Mutiko itxura zeukan; izan ere, umeei zuzenduta zegoen, euskara erabil zezaten. Berez, alfabetatzeko metodo bat zen, ume euskaldunek idazten eta irakurtzen ikasteko urruneko metodoa. Laster zabaldu zen herririk herri lurralde denetara, parrokietako sarearen bitartez, batez ere. Mugimendu bat izan zela esan daiteke.

Jose Antonio Retolaza Ibarguengoitia (Bilbo, 1929 - Muxika, 2014) zen "Kili-Kili"-ren sortzailea eta arima, Lander Gallastegi Miñaurrek (Torreon, Mexiko, 1929 - Berango, 2014) emandako itxura eta irudiakaz.

Orri solte batzuekaz hasi bazen ere, gero hainbat agerpen izan zituen: argitalpen txukunak, ibilaldiak, lehiaketak, ikastaroak, irratia, Kili-Kili egunak, kili-jaiak, eta abar.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun