Sabin Merino Leganesen beharrean dabil daborduko

Iker Rincon Moreno 2018ko ira. 4a, 11:57

Merino Leganesen, atzo. © LEGANES K. E.

Atzo, astelehenean, Sabin Merino aurrelariak lehenengo entrenamenduan jardun zuen Espainiako Leganes kirol-klubean. Athleticek futbolari urduliztarra utzi egin dio Madrilgo taldeari, jokalaria berreskuratzeko aukeragaz.

Merinok ohi legez jardun zuen joan den barikuan Lezaman, Athleticeko lehenengo taldeagaz, Eduardo Berizzo entrenatzailearen aginduetara. Halere, klub zuri-gorriak jakinarazi zion Leganeseko ateak irekita zituela, bertara Athleticek utzita joanez gero. Kasu horretan, operazioa azkar egitekoa zen, udako merkatua gaueko 12:00etan itxiko baitzen. Berizzok lehenengo partidu bietan zelairatu ez izanak ez zuen lagundu Merino San Mamesen geratzeko. Hala, 22:00ak aldera Athleticek lagapenaren berri eman zuen eta 40 minutu beranduago kontu bera egin zuen Leganesek.

Hiru aldeen arteko akordioaren arabera, Sabin Merinok aurtengo denboraldia amaitu arte utzita jokatuko du madrildar taldean; jokalaria berreskuratzeko eta denboraldiaren amaieran bere kontratua luzatzeko aukera gorde du Athleticek.

Sopelatik Leganesera

Sabin Merino Zuloagak 26 urte dauzka eta azken hiru denboraldiak jokatu ditu Athleticeko lehenengo taldean. Leganesek datorren astean aurkeztuko du ofizialki, baina daborduko iragarri du 18. zenbakia eroango duela bizkarrean. Urduliztarra Sopelako Ander Deuna ikastolan hasi zen futbolean, sei edo zazpi urte zituela. Bertan hiru urte egon eta gero, Danok Bat-era joan zen, urtebete bakarrik, eta Lezamara sartu zen ondoren. Hiru urte egon nintzen, eta ondoren, Danok Bat-era itzuli zen, "Lezamatik kanpora bota nindutelako" jokalariak HIRUKAk 2016an egindako elkarrizketan gogorarazi zuenez.

Baskoniara bueltatu ondoren Bilbao Athleticera jauzia eman zuen eta bertan Bigarren Mailarako igoera lortu zuen. Denboraldi horretan lortu zuen partidu eta gol gehien: 18 tanto 42 partidutan. Hurrengo denboraldian, Ernesto Valverdek erreklutatu zuen lehenengo talderako. Hala, Bakun estreinatu zen Athleticeko elastikoagaz, Europako UEFA Ligan, 2015eko abuztuaren 6an. Urte horretan, 38 partidutan jardun zuen eta 7 gol lortu zituen urduliztarrak. Athleticeko bigarren denboraldian lesioek baldintzatu zuten bere errendimenduan eta hirugarrenean minutu gutxi izan zituen jokatzeko. Laugarren denboraldiko hasieran, Eduardo Berizzo entrenatzaile berriak ere ez dio konfiantzarik erakutsi. Hala, maletak egin eta Madrilera jo du urduliztarrak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun