Laneko zein aldea gurago duzu? Futbolean jokatzea ala elkarrizketak-eta egitea?
Nire lan gehiena futbolean jokatzea da. Elkarrizketak pixka bat kostatzen zitzaizkidan hasieran, baina apurka hobeto egiten nabil.
Zer moduz daroatzazu gaur egun?
Oraindik pixka bat kostatzen zaizkit, baina hasieran baino askoz hobeto.
Campus propioa daukazu daborduko Urdulizen. Zelan sortu zen hori?
Urdulizko taldeko presidentea eta hainbat jende ondo ezagutzen ditut; lagunak dira. Eurek ideia hori proposatu zidaten; ni ados nengoen, eta aurrera joan zen.
Harro egoteko modukoa da, ezta?
Bai, horri buruz orain dela urte bi galdetu izatekotan, ez nuen sekula horrelakorik aurreikusiko. Baina horrela atera da. Azkenean, alde batetik ondo ibiliz gero, beste aldetik ere hobeto joaten da.
Gabonetako campusa egin zenuten, eta orain Aste Santukoa ere izango duzue.
Bai, Aste Santuan berriro izango dugu. Datak une honetan ez dakizkit ondo, baina Urdulizko futbol-taldekoek esan didatenagatik, Aste Santukora jende gehiago etorriko da. Niri asko gustatzen zait umeakaz egotea; entrenatzailea naiz, Urdulizen gainera; kimuak prestatzen ditut, eta oso gustura nabil, haurrakaz lan egitea oso polita baita.
Entrenatzaile gisa zeri ematen diozu garrantzi handiagoa?
Oso gazteak direnez, gehien lantzen duguna da eurek nortasuna izatea. Jokoan beren kabuz gauzak egiten ahalegintzea, gu beti euren gainean egon barik. Gehienbat horretan gabiltza. Momentuz, kostatzen zaigu, baina pixkanaka hobetzen doaz.
Zelan sartu zinen futbolean?
Ander Deuna ikastolan hasi nintzen futbolean, sei edo zazpi urte nituela. Bertan hiru urte egon eta gero, Danok Bat-era joan nintzen, urtebete bakarrik, eta Lezamara sartu nintzen. Hiru urte egon nintzen, eta ondoren, Danok Bat-era itzuli nintzen, Lezamatik kanpora bota nindutelako, kar, kar, kar. Bertan, talde gaztean egon nintzen. Ostean, Baskoniara bueltatu, Bilbao Athleticera, eta orain, lehenengo taldean.
Zergatik erabaki zenuen futbola praktikatzea?
Egia esanda, ez dakit. Amak esaten zidan txikitatik, artean urte bigaz ere, pilotari eman eta eman nenbilela. Beti gustatu zait baloia hanketan izatea, eta horregatik gehienbat. Bestalde, anaia nagusia daukat, eta bera futbolean hasi zen... Etxean futbola ikusten nuenean, asko gustatzen zitzaidan.
Zeintzuk ziren zure orduko idoloak?
Ni futbola ikusten hasi nintzenean, Joseba Etxeberria, Santi Ezquerro eta hainbat jokalari nituen gustuko.
Danok Bat eta inguruko taldeez aparte, Ameriketan egon zinen. Zelan bizi zenuen esperientzia hura?
Urtebete osoa egon nintzen, ikasketak egiten. Erabaki hori hartu genuen nire anaia ere bertara joan zelako urte bi lehenago; esperientzia oso ona izan zen berarentzat, eta niretzat ere horrela izango zela aurreikusi genuen.
Aurrerago etorriz, Bilbao Athleticen zeundenean, beste jokalari batzuk zu baino arinago igo ziren lehenengo taldera, Ager Aketxe esaterako. Zer sentitzen da ikustean lankide eta adiskideak gorantz doazela eta zu leku berean mantentzen zarela?
Bakoitzak bere ibilbidea propioa dauka. Eta agian haiek eta ni neu ezaugarri ezberdinetako jokalariak gara. Gainera, niri urte horretan asko kostatu zitzaidan jokoan sartzea, eta ez nintzen oso fin ibili. Hurrengo denboraldian dena konpondu zen; oso ondo jokatu nuen, eta, azkenean, igotzeko aukera daukazu, heltzen zaizunean. Inoiz ez dakizu aukera hori noiz helduko den...
Pasa den denboraldian, zuk 18 gol sartu zenituen, eta taldeak liga irabazi, eta bigarren mailara igo zen. Zelan bizi izan zenuen hori guztiori?
Askotan esan dudan moduan, dena oso azkar gertatu zait niri, eta pasa den urtekoa kristoren denboraldia izan zen niretzat, pertsonalki zein taldeari dagokienez. Gainera, taldeak ondo egiten duenean, zeure burua ere indartsuago ateratzen da.
Horri esker, lehenengo taldean jokatzeko probaldian sartu zinen. Bertan geratzea ala kanpora ateratzea ziren zure aukerak?
Bilbao Athletic igo zen moduan, nire aukerak ziren: denboraldi aurrekoa egin eta gero, Bilbao Athleticera, bigarren mailara, jaitsi, ala, bestela, lehenengo taldean gelditu. Lehenengo taldean geratzeko aukera izan dut, eta, gainera, partida asko jokatuz. Oso pozik nago horregatik.
Presio handia izan zenuen udan?
Iñigok [Lekue] eta biok opor gutxi izan genuen, 15 egun bakarrik, eta azkenean hori nabaritzen da, baina biak oso ondo heldu ginen denboraldi aurrekora. Presioa izan ala ez, guk bagenekien ez igotzekotan, hemen jarraituko genuela, Bilbao Athleticen, eta hori, azken finean pizgarri bat da.
Zein aldaketa nabaritu duzu Kuko Zigandaren agindupean egotetik Valverderentzat lanean egotera?
Biak oso ezberdinak dira. Baina niretzat biek gauza on asko dituzte, eta oso erraz lan egin daiteke haiekaz; oso eroso sentitu naiz biakaz. Hori oso garrantzitsua da jokalariontzat.
Zelangoak dira harremanak aldagelan?
Pasa den urtean, Bilbao Athleticen oso onak ziren eta aurten, lehenengo taldeagaz ere oso-oso ona da. Azken finean lagunak gara denok aldagelaren barruan, eta ondoren, hori zelaian ere nabaritzen da.
Lortu duzu Adurizegaz sinkronizazio berezia?
Aritz Adurizek gauzak oso erraz egiten dituenez, baloia ondo ipintzen badiot, berak on bilakatzen nau horrelakoetan.
Iñaki Williamsen lesioak zuk ardura gehiago hartzea eragingo du?
Ez dakit. Jende asko gaude taldean. Ni ez banaiz, beste batek hartuko du ardura hori. Aukera ezberdinak ditu entrenatzaileak, eta ikusiko dugu. Jokatzen badut, ahal dudan guztian laguntzea espero dut, eta jokatzen ez badut, berdina, taldeari beti lagundu behar baitzaio.
Orain jokatzen zabiltzaten aurtengo Europako Ligatik harago, uste duzu datorren urtean ere Txapeldunen Ligan edo Europako Ligan sailkatzeko helburuak hor jarraitzen duela?
Bai. Gure helburua ahal ditugun puntu gehienak lortzea da, eta hori egiten badugu, seguru aski goian egongo gara. Hala, helburuen parte bat bada Europarako sailkatzea, datorren urterako.
Zu Europan estreinatu zinen Athleticegaz, Bakun. Berezia izan zen partida hura?
Bai, Bakun jokatu nuen lehenengo partida, baina orduan ez nuen espero ere egiten. Dena oso azkar gertatu zen. Gainera, lehenengo aldaketa izan nintzen partidan, eta une horren aurretik ez nuen horrelakorik sumatzerik.
Zergatik aukeratu zenuen 25. zenbakia?
Ia ez zegoelako besterik libre, kar, kar, kar. 12.a edo 25.a baino ez ziren geratzen, eta 25.a hartu nuen.
Zelangoak izan dira kontratu berrirako negoziazioak-eta?
Denboraldiaren hasieran, lehenengo kontaktuak izan genituen, eta alde batera utzi genuen, futbolean zentratzeko, garai hartan jokatzea garrantzitsuena zelako, baina aurrera joan da dena, eta orain dela aste batzuk erabaki genuen unea bazela, eta aurrera eroan genuen.
Pozik zaude hitzarmenagaz?
Oso pozik! Azkenean hemen egotea, Athleticen, hemengo jokalari batentzat gauza handiena da. Niretzat, behintzat, horrela da.
Emakumezkoen lehenengo taldeak liga irabaztekotan, gabarra atera beharko lukete?
Erabaki hori goikoek hartu behar dute. Aterako balute, eurengatik oso pozik egongo nintzateke. Gainera, denboraldi bikaina egiten dabiltza, eta espero dugu horrela jarraitzea.
Baloiari lehenengo ostikadak ematen dabiltzan neska-mutilei zer esango zenieke?
Bidea oso luzea dela, eta oso zaila. Nahiz eta gauzak oso ondo egin, agian ez dute aukerarik izango. Horregatik, ikasketak oso garrantzitsuak dira. Nire kasuan ikasketak ez ditut utzi; pasa den ikasturtera arte unibertsitatean ibili naiz, Sarrikon ikasten. Kontu biak, futbola eta ikasketak, egin ahal dira, eta bata ez bada aurrera ateratzen, bestea izango dute.