Nagusitasun handiz irabazi ohi ditu EAJk hauteskundeak Urdulizen. Udal-hauteskundeei dagokienez, gehiengo absolutua lortu dute 2003, 2007 eta 2015ean (2011n, ezker abertzalea legeztatu eta gutxira, Bildu sortu berriak jeltzaleen zinegotzi-kopuru bera eskuratu zuen). Emaitza arrakastatsua errepikatu guran, Javier Bilbao Lopategi buru duen zerrenda aurkeztu du EAJk. Irabaziz gero, hirugarren agintaldia izango da berarentzat. Eta ez da izango errepikatuko duen alderdiko kide bakarra; gaur egungo zinegotzi ugariren izenak ageri dira 2019ko hautagaitzan, izan ere.
Udaleko bigarren indarra da EH Bildu, alkategai modura aurpegi berria aurkeztu duena: Ibai Baldelana gaztea. Haregaz batera, «beterano» batzuk ere izango dira zerrendan. Hauteskunde orokorretan hirugarren egin du koalizio abertzaleak, Unidas Podemosen atzetik baina ia boto-kopuru beragaz. Udala aukeratzeko bozketak beste errota bateko ura dira, noski. 2015ean Denok Batera (DB) aurkeztu zen, baita zinegotzi bat lortu ere. Hiru herritan (Berango, Sopela eta Urduliz) sortu zen DB, besteak beste Podemosetik hurbileko jendeak bultzatuta baina modu independentean. Oraingoan ez dira Urdulizen aurkeztuko, baina bai Elkarrekin Podemos, eta pentsatzekoa da neurri handian bata bestearen oinordekoa izan daitekeela. DBren zinegotzia, izan ere, bigarrena da Elkarrekin Podemoseko zerrendan, Veronica Garcia alkategaiaren ondotik.
Garapen-eredua eztabaidagai
Eskualdeko beste herri batzuetan jazotzen den legez, azken urteotan handitzen dabil Urduliz, eta hazkunde horri lotutako politikak zeresana izango du hauteskunde aurreko eztabaidetan, hautagaiek honezkero agertutako asmoetatik ondorioztatu daitekeenez. EAJren aldetik, Javier Bilbaok alkategaiak azken legegintzaldi bietan egindako lana defendatzen du, trenbidea lur azpira eroan izana nabarmenduz, eta herrian egindako hainbat azpiegituraren eta eraikuntzaren balioa azpimarratuz. "Urdulizek garatzen jarraituko du, eta etorkizunean egongo diren beharrizanak kontua hartuko dira", iragarri du Bilbaok.
"Gure apustua peatonalizazioan aurrerapausoak ematea da, aldi berean bizilagunei autoa aparkatzeko aukera bermatuz", dio EH Bilduko Ibai Baldelanak. Urdulizi herri-izaera emango dioten elementu urbanistikoen falta salatzen du Baldelanak. Elkarrekin Podemoseko Veronica Garciaren ustez, berriz, lotarako hiri bihurtzen dabil Urduliz, eta horri aurka egiteko politikak eta aurrekontuak sustatuko dituela adierazi du.