Zer balorazio egiten diozue 25 urteoi?
Oso positiboa dela uste dugu. Emakumearen aldeko askotariko ekintzak egin dira denbora horretan, eta hala jarraitzea nahiko genuke. Inolaren bulegoa emakumeon topaketarako behar-beharrezko lekua da udalerrian.
Zer dela eta sortu zenuten taldea duela mende-laurdena?
Etxetik irten gura zuten emakume askoren beharrei erantzuteko sortu genuen; biltzeko, gizarteratzeko eta bestelako emakume batzuei laguntzeko, baita taldekideei ere.
Urte horietan denetan zer egin duzue?
Askotariko jarduerak, mobilizazioak, tailerrak, topaketak eta bideo-forumak, den-denak emakumearen aldekoak. Emakumeok batzeko lekua izateaz gain, aktibo izateko saiakerak egin ditugu, generoaren gaiaren inguruan eztabaidatzeko eta sortutako arazoei aurre egiteko.
Zer egoera bizi dute gaur egungo emakumeek gizartean, eta Urdulizen bereziki?
Orokorrean, eta Urdulizen bereziki, emakumeon egoera berdina izaten jarraitzen du, oraindino ez dugulako berdintasuna lortu bete-betean. Biolentziazko kasuak ematen dira, arazoaren ikusgarritasun handirik gabe.
Zelakoa aurreikusten duzue etorkizuna taldean?
Elkartea bizirik mantendu gura dugu, hasi ginenean bezala edo indar gehiagogaz. Oraindino lan handia egin behar da udalerri honetan. Urduliz oso landatarra izan da beti, emakumeak etxean zeuden denbora askoan eta, gaur egun, udalerriak bizi izan duen hedapenari esker, egoera aldatzen ari da. Gainera, Urdulizen aldaketa demografiko garrantzitsu bat eman da: adin nagusiko jendea gehiengoa izatetik garapen bidean dagoen udalerria izatera pasa da, emakumearen alde lan egiteko gogoa duen jende gaztea bilduz. Horrek ez du esan gura lehengo belaunaldiek ez zutela hori egin, baina beste modu batera egin zuten eta horren erakusgarri da landatar eremu matxista honetan emakume batzuek elkarte hau garatu eta aurrera eraman ahal izana.