Joan den astean ohartarazi zieten berreskuratutako gunean hainbat grafiti agertu zirela. Burdin Hesiari Kultur Ondare izendapena emana dio Eusko Jaurlaritzak, eta ondorioz, margotzeak zigor larria jasan dezake. Iñaki Libanok azaldu duenez, salaketa ipini dute daborduko Ertzaintzan, eta Deia egunkariak jasotakoaren arabera ikerketa bide onetik doala adierazi du poliziak; "grafiti-egile bakoitzak bere sinadura du eta horregatik aukera dago nortzuk diren jakiteko".
Zehaztu dutenez, Urduliz eta Plentziakoak dira egileak, eta 100.000 euro bitarterainoko isuna jasan lezakete. Grafitiak ezabatzeari dagokionez, Libanok adierazi du posible izango dela baina horren kostua oso handia izango dela.