Elkarrizketak

"Beti jarri izan da emakumeen gaitasuna zalantzan kirolean"

Iker Rincon Moreno 2019ko aza. 12a, 09:13

Emakumezko kirola: gaur egungo egoera eta erronkak jardunaldian parte hartu zuen Azurmendik Urdulizen.

Emakundek bultzatutako XVI. Berdintasunerako Gunea proiektuagaz bat eginda, emakumezkoen kirolari buruzko jardunaldia egin zuten urriaren 10ean, Urdulizen. Bertan parte hartu zuen Ainhoa Azurmendi adituak, eta gaiaren nondik norakoak aztertu ditugu beragaz.

Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitatearen Gazteria Sailak antolatuta, emakumezkoen kirolari eta eskualdeko kirolariei buruzko jardunaldia egin zuten joan den urriaren 10ean Urdulizen. Bertan parte hartu zuen, besteak beste, Ainhoa Azurmendi Psikologian doktore eta emakumezkoen kirolean adituak. Haren arabera, gero eta emakume gehiagok kirola egiten duten arren, oraindino gizonezkoenakaz alderatuta praktika “oso ezberdina” dela dio. Era berean, diskriminazio-egoerak asko direla azpimarratu du Azurmendik: “Kirol-arloan ematen diren diskriminazio guztiak gizartean gertatzen direnen isla dira”.

Are gehiago, azaldu duenez, kirola jatorriz eremu maskulinoa izan den heinean, emakumeen gaitasuna zalantzan jarri izan da askotan kirol batzuetan: “Gorputza erabiltzen da emakumeen baldintzatzaile bezala”. Hori kontuan hartuta, kirol-praktikak ezberdinak izaten direla dio Azurmendik; kirol federatua oraindino “gizonezkoen eremua” da, eta aldiz, norbere kabuz egiten den kirolean emakume gehiago ikus daitekeela ondorioztatu du. Horri lotuta, hainbat eremutan emakumeen kirola sustatzeko interesa dagoela azaldu du: “Batez ere naturaren harremanarekin eta eremu publikoekin lotura duten jardueretan ikusten dugu hori”. Azurmendik uste du garrantzi handia dutela emakumearen gorputzaren ahalduntzea sustatzeko proiektuak garatzeak, “baita emakumeak eredugarriak direla erakustea ere”.

“Sexuak emakumeon bizitza baldintzatzeari uzten dionean eta benetan nahi duguna askatasunez aukeratu ahal dugunean izango dugu normaltasun egoera”

Egitura tradizionalagoei, hau da, klub eta federazioei dagokienez, horien funtzionamenduan oraindino genero-ikuspegiak txertatu beharra dagoela dio adituak: “Legediak aspaldi esaten du berdintasun-planak egin behar direla, baina oso poliki ematen ari dira pauso horiek”.

Binarismotik aldendu beharra

Sexuak emakumeen bizitza baldintzatzeko faktorea izateari uzten dionean eta emakumeek benetan gura dutena askatasunez aukeratu ahal dutenean “normaltasun egoera” egongo dela dio Azurmendik. Hala ere, gaur egun binarismo horretatik aldentzea “oso zaila” dela uste du adituak eta, ondorioz, estereotipoak birsortzen jarraitzen dugula. “Aniztasuna beti aberastasuna da, baina gure gizartea oraindino klasifikatuta dagoen bitartean, oso zaila izango da estereotipo horiek gainetik kentzea eta ahalduntzea lortzea”, adierazi du. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun