600 ikaslerentzako '42' programazio campus berritzailea irekiko dute Urduliz Dorrean 2021ean

Erredakzioa 2020ko urr. 9a, 09:25

© 42 Urduliz

Bost solairuko gunea izango da, 2.400 metro koadrokoa, eta 2021eko lehen seihilekoan irekiko da, 600 ikaslerentzat. '42' eredu pedagogiko aitzindaria da, pareen arteko ikaskuntza eta gamifikazioa oinarri dituena, eta ikasle bakoitzak askatasunez markatzen du bere ikaskuntza-erritmoa. Eredu horretan, lankidetza-lana, egiten diren ahaleginak eta egiten diren ahaleginon iraupena gailentzen dira. Doakoa, presentziala eta asteko 7 egunetako 24 orduetan irekia, '42' eredua 20 campus baino gehiagotan nazioartean izandako arrakastak bermatzen du.

Eguneroko jarduera guztien digitalizazioa etengabe hazten ari den gizarte honetan, trebakuntza digitalik eza gizarte-bazterketarako eragile bihur daiteke, prestakuntza akademikoaren beraren mailan. Egoera hori larriagotu egiten da pertsonen enplegagarritasuna gero eta gehiago haien gaitasun digitalaren mailaren araberakoa bada. DESIren arabera (The Digital Economy and Society Index), EAE zortzigarren postuan dago, Alemaniaren eta Frantziaren aurretik giza kapitalaren dimentsioan, Europako batez bestekoa baino 10 puntu gorago, espainiar Estatu osoari dagokion kopurua Europako batez bestekoa baino 3,5 puntu beherago dagoen artean. Azken kasu horretan, 16 eta 74 urte bitarteko pertsonen erdiek baino gehixeagok oinarrizko gaitasun digitalak dituzte. Gaitasun-falta hori ez dator bat lan-merkatuan geroz eta eskaera handiagoa duen profil digital kualifikatuagaz. Estatuan bakarrik, iaz 300.000 lanpostu bete gabe geratu ziren, eta, gaur egun, enpresen ia % 60k zailtasunak dituzte gehien eskatzen diren profil digitalak aurkitzeko.

42 Urduliz campusagaz, Telefonica Fundazioak eta Bizkaiko Foru Aldundiak beste urrats bat eman gura izan dute eta etorkizuneko lanbide-agertokiari aurrea hartu diote. Bizkaiko Foru Liburutegian atzo egindako aurkezpen ekitaldian honako batzarkide hauek izan ziren: Ainara Basurko, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekonomia Sustapeneko diputatua; Carmen Morenés, Telefónica Fundazioko zuzendari nagusia; Francisco Javier Zorrilla, Telefónica Iparraldeko Lurraldeko zuzendaria; Javier Benito, Telefonicako zuzendaria Euskadin; Luis Miguel Olivas, Enplegagarritasuneko eta 42 Telefonica Fundazioko zuzendari globala eta Joseba Mariezkurrena, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekintzailetza eta Lurralde Lehiakortasuneko zuzendaria.

Carmen Morenesek adierazi zuenez, “bizitzea egokitu zaigun une zail hauetan erronka bat dugu aurrean: inor atzean ez geratzea. Hori dela eta, Telefonica Fundazioan uste dugu hezkuntza gakoa dela aurrerabidean laguntzeko eta gizarte-etena hauste aldera. Digitalizazioa, orain, prestakuntzaren eskutik joan behar duen beharrezko tresna gisa aurkezten da. Orain inoiz baino gehiago, ’42 Urduliz’ (Bizkaia) bezalako ekimenak zentzuzko eta beharrezko ekimen gisa agertzen ari dira, eta ilusioz gainezka gaude gaurko profesional digitalen prestakuntzari gure alea emateko. Hain zuzen ere, proiektu aitzindari eta iraultzailea da, etorkizunerako aukera ezin egokiagoa eskaintzen diguna·.

Ainara Basurkok, Ekonomia Sustatzeko diputatuak, proiektu horrek gaitasun digitala eta talentua oinarri hartuta lurraldean izango duen garrantzia azpimarratu zuen. “Gaur aurkeztuko dugun proiektuak eragin handia izango du Bizkaian, eta epe laburrean ditugun erronka handietako bati erantzuten dio: digitalizazioari. 42 Urdulizek pertsona ekintzaileak, enpresak eta talentua konektatuko ditu. Enplegua eta prestakuntza zentroan jartzen dituen ekimen berritzaile eta inklusibo baten bidez  Bizkaiak etorkizuneko profesionalak trebatzeko ekimen global baten parte hartuko du", azaldu zuen.

‘42’ ekimenaren metodologia

Iraultza digitalaren erronka eta aukera berriek life long learning gauzatzera behartzen dituzte profesionalak, etengabeko ikaskuntza-prozesua lan-merkatuan konpetenteak izateko beren ibilbide profesionalean. ’42’ ekimenari dagokion metodologia Urdulizen dago orain, Bizkaian, eta urtebete darama Estatuan ezarrita; izan ere, gizartea enplegagarritasun berri horretarako prestatzen ari da. Etorkizuneko programatzaile eta profesional digital kualifikatuak prestatzen laguntzen du, profesionalek lan-erronka berriei aurre egin diezaieten. Hain zuzen ere, profil digitalak pandemiaren ondorik inoiz baino beharrezkoagoak dira ekonomia suspertze aldera.

‘42’ ereduak, besteak beste, zibersegurtasuna, Big Data, Adimen Artifiziala, Blockchain eta IoT teknologietan lan-aukerak eskaintzeko erronka hartu du bere gain. Metodo aitzindari eta disruptiboa da, pareko profesionalen arteko ikaskuntza, gamifikazioa eta autoikaskuntza oinarri hartuz, eta metodo hori gauzatzeari dagokionez, eredu hori hogei herrialdetan baino gehiagotan laneratzearen % 100eko arrakasta-emaitzak bermatzen du.

’42 Urduliz’ campusean onartua izateko, ez da aldez aurreko ezagutza teknikorik behar, ezta inolako titulaziorik ere, aski baita 18 urte baino gehiago izatea, eta, batik bat, ikasteko gogoa eta jarrera ona edukitzea eta lanari irmo ekitea. Sartzeko, bi fase gainditu beharko dira: izena emateko test bat (linean) eta 26 eguneko aldi presentzial bat (igerilekua). Horren ondoren, ’42’ko ikasle gisako murgiltze sakona hasiko litzateke.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun