Martxan dago '42' campus digitalaren ikasleentzako hautaproba-prozesua

Erredakzioa 2020ko abe. 30a, 12:40

© BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

Programazio-campusean onartuak izateko, hautagaiek webgunearen bitartez izena eman eta online egingo diren bi proba gainditu beharko dituzte lehendabizi. Campusa martxan jarriko da 2021eko lehen seihilekoan, '42' programa pedagogiko aitzindariagaz.

Urduliz Dorrean dagoen zentroak etorkizuneko aditu digitalak trebatuko ditu '42' eredu pedagogiko aitzindariari esker. Telefonica Fundazioak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatu duten proiektuak datorren urtean irekiko ditu ateak, bost solairu eta 2.400 metro koadro dituzten instalazioetan.

Proiektuan parte hartzeko, hautagaiek 42urduliz.com helbidean izena eman eta beraien trebezia neurtuko duten online-proba bi gainditu beharko dituzte: hamar minutuko memoria-ariketa bat eta bi orduko pentsamendu logiko-matematikoko test bat. '42' programan sartu ahal izateko ez da beharrezkoa aurretiko formakuntza edo titulurik izatea.

Behin hori gaindituta, hautagaiek azken proba zorrotz bat egin beharko dute. Horretarako, 26 egun izango dituzte 13 proiektu gauzatzeko; egunero, batez beste, 10-12 ordu emango dituzte akademian. Denbora horretan, hautagaiek campuseko egunerokotasuna izango dena ezagutu ahalko dute, erronkei eta ustekabeei aurre egiteko modua aurkituz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun