Azkenengo datuen arabera, EAEko zaharren egoitzen datuak alarma piztekoak dira hainbat puntutan egondako koronabirus-agerraldien ondoren. Eskualdearen kasuan, Getxoko Beato Domingo Iturrate egoitzan topatu dituzte kutsatutakoak, 5 denera; Urdulizko Santamariñen, aldiz, 17 kasu atzeman dituzte. Azken horietatik, erabiltzaile bat ospitaleratu behar izan dute, 9 erabiltzaile unitate soziosanitario espezializatuetara bideratu dira, eta gainontzekoak sintomarik gabe daude zentroan; profesionalei dagokienez, 6k eman dute positibo.
Barrika Barri egoitzakoak, immunizatuta
Ohar bidez jakinarazi dutenez, atzo, urtarrilaren 25ean, jaso zuten koronabirusaren aurkako Pfizerren bigarren txertoa Barrika Barri egoitzako erabiltzaileek. Lehenengo dosia joan den urtarrilaren 4an hartu zuten. Immunizatuta daude, baina, oraindino ere segurtasun-neurriak betetzen segituko dutela iragarri dute egoitza horretako arduradunek, "arriskuak ekidite aldera".