Hizkuntza eskolan alemana ikasten urte pare bat egon ondoren, horretan gehiago trebatzeko xedez, urtebeteko Erasmusa egin zuen Alemaniako Willhelmshaven hirian. Ikastaldia amaitu zitzaionean, Urdulizera bueltatu zen, baina handik gutxira alde egin zuen berriro ere, masterra ikastera; oraingoan, Aachenera (Akisgran). "Ez nuen hiri hau ezagutzen, baina bertako unibertsitateak, RWTH Aachenek, master oso onak eskaintzen zituela entzun ondoren, bertora etortzea erabaki nuen, eta berton segitzen dut, lau urteren ondoren". Gaur egun, Amprion sare-elektrikoa kudeatzen duen enpresan dabil lanean, eta oso gustura dago bertan. "Alemanian, lanpostu gehienek malgutasun handia eskaintzen dute langileentzat, bereziki lan orduei dagokienez, eta, niretzat, hori oso garrantzitsua da", aitortzen du urduliztarrak.
Aachen Karlomagnoren inperioaren hiriburua izan zen, VIII. mendean, eta hango alde zaharra txikia den arren, benetan ederra dela aitortzen du Martinezek: "Ez zuen eraso nabarmenik izan II. Mundu Gerran eta, ondorioz, zutik jarraitzen dute eraikin historiko asko, katedrala eta udaletxea, esaterako". Hiria ezagutzeko, baina, egun bat besterik behar ez den arren –oso txikia da–, egun gehiagoz geratzea gomendatzen du gazteak, oinez, 20 minutuan, Herbehereen, Belgikaren eta Alemaniaren mugara irits daitekeelako, eta, paseo bakar batean, hiru herrialde ikusi.
Jan-edanari dagokionez, Alemaniako beste hainbat lekutan bezala, ohikoa da jendea garagardoa eskutan ikustea: "Alemanian 16 urterekin ardoa eta garagardoa edatea zilegi da". Ez da harritzekoa, beraz, edari horiekiko duten afizioa herrialde horretan.
Gazteak dioenez, gainera, hiria atsegina da bizitzeko, baina kontuz ibili beharra dago hizkuntzagaz. Lagun baten adibidea jarrita, gogoratu du egal berba "berdin" esangura duela, baina ez "zeuri berdin ere" gisakoa, baizik eta "niri bost" moduan. Eta hala ibili ei zen bere laguna, hainbat egunez, "egun ona izan"-ei "niri bost" erantzuten. "Pentsa zelako lotsa!".