Elkarrizketak

"Poesia ez da desagertuko, eboluzio prozesu batean dago, bide berrien bila"

Ander Zarraga 2021ko uzt. 28a, 11:24

Rosa Rubio poeta urduliztarrak Villa de Pasaia-Altamira Puente 2020 sariari esker argitaratu du Quién anda en la playa poesia-liburua. Gainera, orain gutxi, poesiari, emakumeari eta errealitate sozialari buruzko hitzaldia eman du Inola elkartearen egoitzan. Bere lanaz eta poesiaren munduaz hausnartu dugu beragaz. 

Nolakoa da idazten duzun poesia?

Uste dut poeta orok duela bere ahotsagaz barruan duena adierazteko beharra, horregatik, niri buruz eta arduratzen zaizkidan gauzei buruz idazten dut. Poesiak balio du gizakia gizaki izaten jarraitzeko, eta, hori dela eta, esaten dut poesia oso gizatiarra dela, zer garen gogorarazten gaituelako. Liburuaren prologoa idatzi duen Elena Romanek dioen moduan: "Jakin ezazue nitaz, jakin ezazue munduaz". Beraz, esan dezaket nik nire munduaz idazten dudala.
Zer suposatu du zuretzako saria irabazteak? Isilune bat apurtzearen modukoa izan da. Esan dezaket hondoratuta nengoela, eta, urteetan idatzi gabe egon ondoren, berriro hasi nintzenean, jendeak animatu ninduen lehiaketa horretara aurkeztera.

Zeintzuk dira zure inspirazio iturriak?

Emersonek esaten zuen moduan: "Poetek munduari egia bat ekarri gura diote". Niri errealitate sozialek asko hunkitzen naute, eta, horregatik, berriz ere idazten hasi nintzen Siriako errefuxiatuen harira; hondartzan Aylan umearen argazkiak asko hunkitu ninduen, eta islatu gura izan nuen errealitate hori nola barreiatzen den gure bizitzetan. Bestalde, nire bizitzan eragiten nauten kontuez ere idazten dut. 

"Niri errealitate sozialek asko hunkitzen naute, eta, horregatik, berriz ere idazten hasi nintzen Siriako errefuxiatuen harira"

Ados zaude poesia gainbeheran dagoela esaten dutenakaz?

Poesia apur bat ahaztuta dago, eta egia da ez dela gehiegi irakurtzen. Desagertuko dela eman arren ez dut uste horrela izango denik. Baina berreskuratu behar dugu, eta, gaur egun, inoiz baino beharrezkoagoa da. Esango nuke poesia eboluzio prozesu batean dagoela, bide berrien bila, eraldaketa prozesuan.

Nolako poesia idazten dute emakumeek?

Nik uste dut emakumeok munduan gure arrastoa uzteko behar handia dugula nonbait, askotan isilduak izan garelako, nahiz eta badirudi gure lekura bueltatzen eta ahotsa berreskuratzen ari garen. Jendeari gomendatuko nioke Elena Roman, Angela Figuera edo Natalia Sosa bezalako idazleak irakurtzea, emakumeei ahots hori bueltatzeko. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun