Haurtzaroko Basoa sortzeko 150 zuhaitz autoktono landatuko dituzte Urdulizko umeek

Iker Rincon Moreno 2022ko ots. 10a, 12:25

Urdulizko neska-mutil gaztetxoek 150 zuhaitz autoktono landatuko dituzte otsailaren 20an, ingurumen-hezkuntzako Haurtzaroko Basoa tailerragaz bat eginda. Tantak elkarteak antolatutako jarduera horren helburua da udalerriko gazteen artean ingurumen-kontzientzia sortzea, natura ezagutu eta zaindu dezaten.

Otsailaren 20an, domekan, Haurtzaroko Basoa izeneko tailerra egingo du Tantak elkarteak, Urdulizko Udalaren laguntzagaz. Horretan, udalerrian erroldatuta dauden 2006tik 2016ra bitartean (biak barne) jaiotako neska-mutilek parte hartu ahal izango dute. Arduradunek azaldu dutenez, 12 urtetik beherakoek adinez nagusia den pertsona bategaz egon beharko dute jarduera osoan zehar, eta pertsona heldu horrek, gehienez, hiru adingaberi lagundu ahal izango die. Aldiz, 12 urtetik gorakoek bakarrik parte hartu ahal izango dute. Guztira, 150 zuhaitz landatuko dituzte, Urdulizko hilerri berriaren ondoko basoan.

Bost txanda egingo dituzte, 10:00etatik aurrera. Saio bakoitza ordu eta erdikoa izango da, eta egitasmoa 19:00etarako amaituta egotea aurreikusi dute antolatzaileek. Iragarri dutenez, lekuak mugatuta egongo dira (150), eta, daborduko, lehenengo lau txandak bete-beteta daude. Beraz, adi ibili eta eman ezazu izena hemen; 17:00etatik 18:30era arteko txandan lekuak daude oraindino.

Tantak elkarteak, ekintzaren antolatzaileak, gizartearen eta naturaren arteko harremana bultzatu gura du. Ezinbestekotzat jotzen du berdegunean herriguneetan integratzea, gizarteak bertako landare-espezieak ezagutu ditzan. Horretarako, Urdulizko Udalak sustatutako ekintza honetan, parte-hartzaile bakoitzak zuhaitz autoktono bat landatuko du. Horregaz batera, plaka bana egingo dute espeziearen izena eta landatu duen umearen izena izango dutena. Gainera, haurrek ingurumen-hezkuntzako tailer batean parte hartuko dute, landareen munduari buruz eta gure planetan duen zeregin garrantzitsuari buruzko nondik norakoak ezagutzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun