Eguraldi kaxkarrari aurre eginda ere, bertoko basoa berreskuratzeko ekimenak arrakasta izan zuen atzo, domekan. Izan ere, Haurtzaroko Basoa izeneko tailerra egin zuen Tantak elkarteak, Urdulizko Udalaren laguntzagaz. Horretan, udalerrian erroldatuta dauden 2006ik 2016ra bitartean jaiotako 150 neska-mutilek beste horrenbeste zuhaitz autoktono landatu zituzten Santa Marina inguruan, lehen eukaliptoak eta panpa-belarrak nagusi ziren lekuan, hain zuzen ere.
Tantak elkarteko Iratxe de Larak zehaztu duenez, umeek gaztainondoak, lizarrak eta haritzak landatu zituzten, arinen hazten diren bertoko zuhaitzak direlako; udal-langileek, aldiz, gorostiak, arteak, astigarrak eta urkiak, besteak beste. Hala, 900 zuhaitz berridun basoa haziko da laster inguru horretan.
Haurtzaroko Basoa
30 neska-mutilez osatutako taldetan banatuta, goizean goizetik ekin zioten zuhaizti berria osatzeko lanari. Eguraldi kaxkarra zegoen arren, aurretik izena emandako gehien-gehienak bertaratu ziren, nork bere aletxoa jarri guran. Hala, txandaka, umeek bertoko zuhaitzen garrantziaren nondik norakoak ezagutzeko aukera izan zuten Tantak elkartekoek azalduta eta, ondoren, beren izenak zeramatzaten zuhaitzak landatu zituzten, etorkizunean horiek zelan hazten diren ikusteko aukera izan dezaten.
Zuhaitzak landatzeaz gainera, bertaratutakoek horien ezaugarriak ezagutzeko tailerretan parte hartu zuten, eta plastikoaren gehienezko erabilerari aurre egiteko, oihalezko poltsa bana jaso zuten, besteak beste.