Elkarrizketak

Marcos Gorostiza: "Arbitroa ez da etsaia, jokoaren parte bat baizik"

Ander Zarraga 2022ko mai. 16a, 16:37

Saskibaloian 23 denboraldi egin ditu epaile-lanetan Marcos Gorostiza urduliztarrak (1978). Tarte horretan, kategoria ezberdinetako ia 1.600 partida arbitratu ditu, baina duela gutxi txilibitua gorde eta erretiratzea erabaki du. Beragaz egon da HIRUKA hainbeste urtetan kantxetan ikusi eta ikasitakoari buruz galdetzeko.

Guztira, 23 denboralditan aritu zara saskibaloiko epaile-lanetan. Zenbatu dituzu zenbat partidu izan diren?

Ez daramat kontu zehatza, baina 1.500 eta 1.600 bitartean izango dira. Bataz beste, epaile bakoitzak 70 eta 100 partida bitartean egiten ditu denboraldian zehar; hau da, bi edo hiru partida astebururo. Hala ere, badaude zazpi partida arbitratzen dituztenak ere, bariku arratsaldean hasi eta domekara arte geratu gabe dabiltzanak. Hori egitea fisikoki oso gogorra da, denbora guztia mugimenduan zaudelako, baina psikologikoki are latzagoa da, une oro tentsioan zaudelako adi-adi partidan murgilduta. Beraz, zazpigarren partiduan erritmo hori mantentzea oso zaila da; nik hasieran egiten nuen, baina gazteagoa nintzen.

Nola hasi zinen saskibaloiko arbitro-lanetan?

Egun batean, nire kuadrillako neskek beraien saskibaloiko partida bat ikusten joateko gonbidatu ninduten eta interesgarria iruditu zitzaidan. Orduan, nik futbolean jokatzen nuen, baina interesa piztu zitzaidan eta entrenatzen hasi nintzen. Gerora, arbitroa izateko ikastaro bat atera zen, eta eskolarteko partidetan hasi nintzen epaile-lanetan; araudian sakontzen joan nintzen, eta oso arbitro gutxi zeudenez, mundu horretan sartzen joan nintzen. Hasiera batean, umeen partiduetan aritzen nintzen, soldata txiki bategaz eta nik erabakitzen nuen noiz egin lan. Gero, federatuakaz hasi nintzen eta gazteen eta seniorren partidak arbitratu nituen. Urteakaz, fasez igotzen joan nintzen eta Lehen Mailako partidetan aritu naiz; baita Nafarroako Emakumeen Ligan igotzeko fase bat ere, besteak beste.

Oro har, nolako da saskibaloian arbitroek bizi duten giroa?

Ez da futbolean askotan ikusten den bezain gogorra. Batzuetan, iraindu zaitzakete eta zugaz sartzen dira, hori argi dago, baina giroa futbolean baino askoaz sanoagoa izaten da. Saskibaloian ez da futbolean ikusten den agresibitate hori ematen; partida jakin batzuetan, tentsioaren ondorioz, guraso batzuk gatazkatsuagoak izan daitezke. Hala ere, esan behar dut, oro har, oso esperientzia onak bizi izan ditudala. Gainera, urteak aurrera egin ahala presioa jasaten ikasten zoaz eta hobeto kudeatzen duzu.

"Gaur egungo arbitroek gure hanka-sartzeak gehiago onartzen ditugu eta eta taldeetako kideek ere hori ulertzen dute"

Baina momentu txarrak ere biziko zenituen, ez?

Bai, baina ez dira gauza larriak izan. Zortea izan dut inork ez nauelako eraso, nahiz eta partidaren baten amaieran eskolako atzeko atetik atera behar izan naizen. Baina ez dut azarorik izan, eta noizbait liskarren bat izan dudan jendeagaz gero ondo amaitu dut. Gainera, orain ez da lehen bezala, gaur egungo arbitroek gure hanka-sartzeak gehiago onartzen ditugu eta eta taldeetako kideek ere hori ulertzen dute.

Esango zenuke gogorra den epaile horietako bat izan zarela?

Pentsatzen dut kirol honetan enpatikoa izan beharra dagoela. Lehenik eta behin, jokoa ezagutu behar da, hau da, jokalari edo entrenatzaile ohia izateak asko laguntzen du lehiatzen ari direnak ulertzeko. Batzuetan, epaileari protesta egiten diotenean txartzat har daiteke, baina hori ere kirolaren parte bat dela ulertu behar da; arbitroa ez da etsaia, jokoaren parte bat baizik. Hortik aurrera, elkarrenganako errespetu-kontua da. Nik hori erretiratzea erabaki nuenean ikusi nuen, probintzia guztietako jokalari, entrenatzaile, delegatu eta kideen maitasuna jaso bainuen, ez bakarrik ezagutzen nauen hemengo jendearena. Azkenean, errespetua irabazten duzu eta beraiek badakite zure lana ahalik eta ondoen egiten saiatzen zarela. Batzuetan, gogorragoa izan behar nintzen joko-zelaian, baina partida amaitzean, taldekoakaz garagardo bat edatera joan nintekeen lasai-lasai. Kantxan gertatzen dena hor geratzen da; epailea jokalariak bezala erratu daiteke, azken finean, guk erabakiak segundoetan hartu behar ditugu.

Errespetu eta lan horren isla izan zen aurrekoan jaso zenuen agurra, ez duzu uste?

Bai, ni horregaz geratzen naiz. Zornotza Saskibaloi Taldeko Emakumeek finala irabazi zutenean, Erandioko talde galtzaileko jokalariak izan ziren zoriontzera etorri ziren lehenak. Hori ederra da, mailaz igotzeko finala galdu berri baitzuten, baina nire lana aintzat hartu zuten eta ondo egin nuela aitortu zidaten. Asko hunkitu ninduen horrek eta eskertzekoa da.

Ikusi lotura honetan Anboto komunikabidearen partidaren kronika.

COVID-19ak hainbat alorretan izan du eragina gizartean. Nola eragin dio saskibaloiari?

Lehiaketa ofiziala izan dugun arren, nabaritzen zen ez zegoela publikorik. Zentzu horretan, uste dut taldeei guri baino gehiago eragin diela izurriteak: jokalari askok alde egin dute eta kirolaren maila ere asko murriztu da, batez ere, eskoletako taldeetan. Gainera, esango nuke horren ondorioz arbitroen lana ere okertu egin dela, taldeen maila bajatzen doan heinean epaileena ere apaltzen delako.

"Oso zaila da hasten diren arbitroek jarraipena izatea; urte batzuk egiten dituzte, baina gero ez dute jarraitzen, eta gu ez gara betirako geratuko"

Zergatik ari da gertatzen hori?

Nire promoziotik arbitro bakarra geratzen da, beste guztiek utzi dugu daborduko. Orain, oso zaila da hasten diren arbitroek jarraipena izatea; urte batzuk egiten dituzte, baina gero ez dute jarraitzen, eta gu ez gara betirako geratuko. Bizitzako hainbat kontutan bezala, behetik hasi behar da ikasten, eskolarteko taldeakaz eta maila baxuetan, gutxika-gutxika, gero, mailaz igotzeko. Gazte askok ez dute hori gura eta zuzenean maila altuetara joan gura dute.

Hainbat ume arbitratu dituzu, zer esango zenuke ematen diela kirolak gazteenei?

Nire esperientziaren arabera, talde baten parte izateak eta taldekieakaz enpatia izateak asko laguntzen die beren eguneroko bizitzan. Txikitan hainbat partida ikusten nituen Faduran, baina gaur, hori oso zaila da hori ikustea, gizarte erabat teknologikoan bizi gara eta umeak horrelako ekintzetara joateko ohitura galdu dute. Guk ez bezala, oraingo umeak oso gutxitan ibiltzen dira pilota bategaz jokatzen kalean daudenean, horren ordez ohikoagoa da mugikorragaz ikustea. Gizartea asko aldatu da. 

Zergatik hartu zenuen uzteko erabakia?

Askok ez uzteko esan zidaten, baina astelehenetik barikua lan bat daukat, eta bi seme txiki ditut. Saskibaloiak zapatu eta domeketan ere lan egitea inplikatzen du, eta denbora asko kentzen du, ez baita partida bakarrik: Donostiara partidu batera joan behar banintzen, ordu beteko bidaia, aurreko prestaketa, partida bera, eta itzulera ziren; horrek arratsalde oso bat har lezake. Bidai horiek geroz eta astunagoak ari zitzaizkidan egiten.

"Oso gustura nago heldu naizen lekuagaz, eta beherago geratuko banintz ere pozik egongo nintzen"

Nazioarteko txapelketa handiren batean epaile izateko arantzagaz geratu zara?

Egia esan ez. Oso gustura nago heldu naizen lekuagaz, eta beherago geratuko banintz ere pozik egongo nintzen. Azken finean, ezagututako jendeagaz eta bizitako giroagaz geratzen naiz, beraz, ez zait inolako arantzarik geratu; izan ere, noizbait aukera izan dut horrelakoetan egoteko, baina ezetz esan dut, uste dudalako gehiago merezi duten arbitro gazteagoak daudela. Gainera tentsio handiagoa egoten da partida horietan, eta prestakuntza gehiago ere exijitzen dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun