Urduliztarrek indarkeria matxistagaz bukatzeko gakoak eztabaidatzeko mahai-ingurua antolatuko dute

Ander Zarraga 2022ko aza. 16a, 12:16

Hilaren 25ean, proposamenak batuko dituzte Urdulizko Berdintasunaren bideko bosgarren baldosan lelo bat jartzeko. © INOLA

Bihar, hilak 17, urduliztarren arteko topaketa egingo dute Inola emakumeen kultur elkartearen egoitzan. Bertan, indarkeria matxistaren inguruko hainbat kontu eztabaidatuko dituzte, hala nola zein motatako indarkeriak existitzen diren edo nola prebenitu daitezkeen. Besteak beste, eskubaloi taldeak, Urdulizko Udalak eta Inolak 2018tik garatzen ari diren Berdintasunerako bidea kanpainaren barruan kokatzen den ekimena da.

Urdulizen indarkeria matxistaren aurkako prebentziorako eta sentsibilizaziorako Berdintasunaren bidean kanpainari jarraituz, ikasturte honetan urduliztarren artean eztabaidatzeko eta hausnarketa pizteko hiru mahai-inguru antolatuko dituzte. Lehena bihar egingo dute, hilaren 17an, 17:30etik 19:00etara Inola elkartearen egoitzan (Torrebarri bidea 1, Antigua kultur etxe​a).

Bertaratzen direnek eztabaidatuko dute zer ulertzen duten indarkeria matxistatzat, zer nolako indarkeriak sartzen diren aterki horren barruan eta horiei aurre egiteko estrategiak zeintzuk izan daitezkeen. Leyre Apellaniz berdintasun aholkularia eta ekimenaren antolatzaileetako batek azaldu duenez, "ez da zertan kontzientzia feminista izan behar bertaratzeko, arazo horri aurre egiteko parte hartzea gura izatea baizik".  Biharko saioan haurtzaindegi-zerbitzua ere eskainiko dutela eta topaketa online ere jarraitu ahal izango dela iragarri dute. Parte hartzeko esteka honetako formularioa bete beharko da, saioa zuzenean ala online jarraituko den adieraziz.

Ildo berean, zapatuan, hilaren 19an, Emakumeen Topaketen XIII. edizioa egingo dute Urdulizen. Kasu horretan, antolatzaileak Uribe Kostako Mankomunitatea eta Andrabarriak Elkartea izango dira, eta Amelia Tiganus ekintzaile feminista eta idazle ezagunaren parte-hartzea izango dute.

Bosgarren baldosa

Horretaz gain, alde batetik, Berdintasunerako bidearen bosgarren baldosa jarriko dute aurten. Horretan joango den lelorako proposamenak batuko dituzte hilaren 25ean, Emakumearen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunean, udaletxean jarriko duten panel batean. Beste aldetik, urtarrilean eta otsailean urduliztarren arteko beste bi mahai-inguru prestatuko dituztela iragarri dute, eta, martxoaren 8an, gazteen artean inpaktu gehiago lortzeko helburuagaz, indarkeria matxistaren aurkako scape room bat egiteko asmoa ere azaldu dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun