Arrate Izagirre Madariaga da Eten / Zaldi Ene proiektuko zaldien arduradunetako bat, eta azpimarratu duenez, euren hasierako asmoa hipiketan jubilatutako zaldiak berreskuratzea zen: “Zaldiak zahartzen direnean, hipika normaletan eman ezin dizkieten beharrei erantzuten saiatzen gara hemen”. Hala ere, gaur egun, pertsonakaz ere egiten dute lan, berak dioenez, "zaldiek gure barruan dagoen hori beste inork baino hobeto sumatzen baitute; psikologoari agian sentitzen duzuna ezkutatu ahalko diozu, baina zaldi bati ez".
Urdulizen, Santa Marinako haitzen azpian dagoen zalditegi honek 35.000 metro koadro ditu, zaldiak egun osoan aske ibil daitezen. Izagirreren arabera, zakdientzako oso garrantzitsua da leku libre asko izatea: “Hipika gehienek ez dute guk dugun tokia zaldi guztiak aske edukitzeko, txandakatzen dituzte eta denbora gehiena ukuiluetan pasatzen dute. Askok uste dute zaldiak kanpoan lesionatzen direla, baina esperientziagatik ikusi dut zauri latzenak ukuiluetan egiten dituztela. Beraiek egoteko leku minimoak dira eta ez da naturala hainbeste ordu hor barruan egotea”.
Zentzu horretan, Eten / Zaldi Ene proiektuan dauden animalien ongizatea ez da bakarrik fisikoa, euren egoera psikologikoan asko erreparatzen baitute: “Hemengo zaldiak hainbat tokitatik datoz, eta jabeek ondo zaintzen arren, aspektu psikologikoari ez zaio behar bezalako garrantzia ematen". Izagirrek azaldu duenez, animaliak estres askogaz joan ohi zaizkie eta etsipen ikasia deritzona bereganatzen dute, hau da, egoera emozional zailen aurrean automatikoki erantzuten ikasten dute; "altzariak bezalakoak dira". Gauzak egitera derrigortuak direnean, gizakiak dominantzia aplikatzen duenean, egoera horretatik ihes atera ezin daitezkeelako garatzen dute hori.
Pertsonen jarrera aldatzen denean, animalien portaera oso bestelako dela dio Izagirrek, oso animalia sentikorrak eta argiak baitira. Zentzu horretan, pertsonentzako zaldiakaz lan egitea oso terapeutikoa dela dio, “baina lehenik, zaldiak ondo egon behar dira”.
Egiten dituzten saioetan, Izagirrek zaldien erreakzioak neurtzeaz arduratzen dela azaldu du. “Gure barruan dauden marapilo horiek beste inork baino hobeto sumatzen dituzte zaldiek, nolabait esateko, beraiek eskaner energetiko baten modukoa dute eta bere ingurua oso ondo irakurtzen dakite, baita pertsonok sentitzen duguna ere”.
Hipoterapia
Nerabeakaz egiten dituzten jardueretan zaldiak baliatuz inteligentzia emozionala jorratzen dute, eta, horretarako, Taupada izeeko taldea osatu dute. “Pandemiaren ostean, ikusi dut nerabe askok ez dakitela zer gustatzen zaien eta izugarrizko antsietatearekin datoz”, azpimarratu du. Terapia egiten duten gazteek eguneroko errutina horregaz apurtu eta zer gura duten erabaki eta sentitzen dutena azaleratu dezaten laguntzen diete. Arlo akademikotik kanpo bestelako hainbat esperientzia eta harreman landu ditzaketela erakusten dietela gaineratu du: "Hipoterapiren bidez, nerabeak adierazten ez dituzten sentimendu horiek azaleratzen dira zaldiei esker". Horretarako, Izagirre zaldien erreakzioa interpretatzeaz arduratzen da, eta Taupada taldeko psikologo eta hezitzaileei esker gazteen ongizatea lantzeko prozesua garatzen dute.
Zaldiak eta umeak
Eten / Zaldi Enek udako, Gabonetako eta Aste Santuko ekintzak ere eskaintzen ditu, umeek hirigunetik atera eta naturagaz eta animaliakaz zuzenean harremana izan dezaten. Izagirrek azaldu duenez, gurasoen eskariagatik hasi ziren hori egiten: "Batez ere, Bilbo eta hiriguneetako familiek umeak naturagaz harremanetan jarri nahi zituztelako hasi ziren ona ekartzen, eta ikusi zutenean eurentzako zein onuragarria zen, ahoz aho zabaldu zen”.
Bertara doazen gaztetxoak 6 eta 12 urte bitartekoak dira, baina ohiko hipiketan ez bezala, “zaldiak bestelako ikuspuntu batetik ikusten dituzte, hasieran, ez baitira beraien gainean jartzen”. Lehenik, animaliak garbitu, paseatu eta jatekoa ematen diete eta horrek beste ikuspegi bat eskaintzen diela dio: “Gainean ez daudenez, zaldiei aurpegia ikusten diete eta konturatzen dira gu bezala keinuak dituztela eta komunikatzen direla”.
Era berean, oso animalia handiak direnez, umeek frustrazioa eta mugak kudeatzen ikasten dute, “gaur egun, umeentzako badirudi dena berehala izan behar dela, baina zaldiekin horrek ez du funtzionatzen eta umeek laguntza eskatu behar dute”. Gainera, bertara doazen bigarren edo hirugarren egunean "umeen txipa" nabarmen aldatzen dela ere dio, baita indibidualtasun eta berehalakotasun hori galtzen hasi eta laguntza eskatzen dutela eta elkarregaz lanean hasten direla.
Baina ez hori bakarrik, zaldientzako aproposa den gunea pertsonentzako ere mesedegarria dela dio Izagirrek. Izan ere, berarengana doazen ume asko hirigunetik doazenez, ez dute inguru naturalakaz hainbeste kontakturik izaten, beraz, "izugarrizko autonomia eta sormena bereganatzen dute hemen".