Urtarrilaren 21ean, zapatuan, jokatuko duten desafioan, bizkaitarrek 100 kilogramoko bola 30 aldiz altxatu beharko dute; ondoren, 400 kilogramoko harria sei alditan gurutzatu beharko dute plaza –iltze–, giza-frogan; eta, azkenik, lau kilometro egin beharko dituzte korrika.
Beñat Amade getxoztarra Euskal Herriko eta Bizkaiko txapelduna da lasto-altxaketan, 85 kilo azpitik; gainera, azken urteotan pentatloietan dabil buru-belarri, eta, besteak beste, Bizkaiko lehenengoaren txapela jantzi zuen, Algortan, bere jaioterrian.
Bere aldetik, Eneko Bilbao Euskal Herriko txapelduna izan da giza-proban, 85 kilo azpitik, eta Bizkaiko txapelduna absolutuan. Munduko txapelduna ere izan da, eta, azken urteetan, harri-jasotzaile lanetan ari da, Getxoko Andra Mariko probalekuan entrenatuta.
Getxoztarrak bota zion erronka Bilbaori, elkar ezagutzen dutela aprobetxatuta. Amadek pentatloian aritzeko proposamena egin zion, bigarrenak, baina, aizkora baztertzea eskatu zuen, horregaz ausartzen ez zela esanez. Hala, egin beharreko lanak adostuta, lehia abiatu zuten.
Pentatloiek bost proba dituzte: harria jasotzea, giza-proba, aizkora, txingak eta korrika. Urdulizen jokatuko duten desafioak, aldiz, hiru proba izango ditu, baina pentatloiak hartzen dituenak handituta, pisuak, altxaldiak, iltzeak eta korrika egin beharreko kilometroak areagotuta.