Zapatuan, hilaren 21ean, 2.000 euro jokoan zegoen desafioari aurre egin zioten Beñat Amadek eta Eneko Bilbaok Urdulizen. Hotza nagusi zen arren, herri kirolen jaialdira gerturatu zuren 200 lagunek giroa epeldu zuten, arrastiko 18:00etatik aurrera. "Giroa oso polita izan zen; hurbildu zen jendeak bere berotasuna agertu zigun", gogoratzen du Amadek.
Desafioa 100 kilogramoko harriaren jasoaldiakaz abiatu zuten. Horretan, Bilbao irten zen nagusi, 30 jasoaldiak getxoztarrak baino minutu erdi lehenago bukatuta. Giza-proban, 400 kilogramoko harriari sei untza –edo buelta– egin behar izan zituzten biek; Bilbao horretan trebea da –Euskal Herriko txapelduna da–, eta hori erakutsi guran, Amadek baino lau minutu gutxiago behar izan zituen saio horri aurre egiteko. "Oso gogorra izan zen; bere pisuari etekina atera zion (Bilbaok), eta kolpe bakoitzeko ni baino apur bat gehiago mugitzeko gai zen. Pixkanaka-pixkanaka, abantaila hori handituz joan zen, nik uste nuena baino gehiago", azaldu du Amadek.
Lau minutuko aldeak banatu arren, getxoztarrak aurkariari bi minutu gerturatzea lortu zuen azkenengo lehian. Korrikan, probalekuari 47 bueltan eman behar izan zizkioten kirolari biek, lau kilometroko distantzia eginez.
Denborak:
Harri-jasotzea | Giza-proba | Korrika | Guztira | |
Beñat Amade | 6' 09'' | 35' 45'' | 54' 35'' | 54' 35'' |
Eneko Bilbao | 5' 23'' | 31' 57'' | 52' 16'' | 52' 16'' |