Maila guztietako boxeolariek ikuskizuna eskaini dute Urdulizko boxeo-gauean

Ander Zarraga 2023ko mar. 14a, 17:13

Giro ederrean bizi izan zuten Urdulizko Iparralde kiroldegian martxoaren 3an egin zuten boxeo eta kickboxing gaua. Guztira, 14 borroka izan ziren: 10 amateur mailakoak, hiru kickboxing-ekoak eta Lee Anthony Sibley eta Diego Valtierra profesionalen arteko norgehiagoka, azken horrentzako garaipenagaz. Hemen dituzue gau horretako kronika eta Ander Moreno argazkilariak erraztutako irudiak.

Urdulizko Iparralde kiroldegian izan ziren borroketako lehiakideen artean Basakick etxeko taldeko 14 borrokalarik parte hartu zuten, gainera, horietako zazpiren debuta izan zen, beraz, gau aparta izan zen talde urduliztarrarentzat.

Basakick taldeko antolatzaileak emaitzagaz oso pozik azaldu ziren; izan ere, 600 ikusle inguruk bete zuten kiroldegia gau horretan. Gerora azpimarratu zutenez, "giroa oso polita izan zen eta aurreko astelehenetik sarrera guztiak agortuta zeuden; gainera, ikusi genituen lehiak ere oso parekatuta egon ziren".

Boxeo-gaua 20:00etan hasi zen, Dani Montero speakerraren erritmo bizian, berak aurkeztu baitzituen lehia bakoitzean aritu ziren boxeolariak eta borroka guztiak.

Gau horretan egin zen boxeoko borroka profesionalean Lee Anthony Sibley britainiarra eta Basakick taldeko Diego Valtierra algortarra neurtu ziren. Valtierrak Ibon Larrinaga entrenatzaile itzubaltzetarra izan zuen lehen aldiz bere kantoian entrenatzaile gisa, Sibley borrokalariaren aurkakoa "borroka gogorra" izango zela aurreikusten baitzuten.    

Azkenean, lehia handiko borroka baten ostean, Valtierra gailendu zen sei round-etan. Borrokaldia etxekoaren alde hasi zen, Valtierrak neurria hartu baitzion Sibleyri, baina minutuek aurrera egin ahala, britainiarrak gero eta gehiago jazarri zuen etxekoa, garaipenaren bila. Azkenean, Valtierrak kontraerasoan asmatu zuen, eta epaileak 58-56 eman zion garaipena.

Norgehiagokaren ostean, Valtierrak borroka gogorra izan zela aitortu zuen, Sibley arerio "gogorra eta boxeolari ona" izan zela gaineratuta. Halaber, bere garaipena "justua eta merezitutakoa" izan zela ere azpimarratu zuen. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun