Domekan, hilaren 12an, goizeko 10:00etan batu ziren Tantak elkarteak zuzendutako egitasmoan parte hartu gura zuten neska-mutilak Urdulizko hilerri berriaren inguruan. Bertan, 27.000 metro koadroko udal-lursail batean, Udalak zuhaitz autoktonoak landatzeko egitasmoa du, eta horretarako, besteak beste, Haurtzaroko Basoa egitasmoa garatu du, urtez urte egiten ari direna.
Goizean zehar, 2022an parte hartu ez zutenek tailer bi egin zituzten: alde batetik, eta ingurune naturalari buruzko azalpen labur batzuen ondoren, lau espezieren artean –urkia, haritza, artea eta lizarra– aukeratutako zuhaitz bat landatu zuten, espeziea eta landatzen zuenaren izena jartzeko egur-zati bategaz batera; ondoren, sormen-tailer batean parte hartu zuten, marrazki eta txantiloi bidezko oihal-poltsa bat apaintzeko.
Iaz landaketa burutu zutenek, berriz, konpostaje-tailer batean parte hartzeko aukera izan zuten. Gainera, Artigasko konpostaje-instalaziotik ekarritako materia organikoagaz ongarritu zuten haien zuhaitza.