Zeintzuk dira zuen programako ardatzak?
Gure ardatzak hauek dira: ko-gobernantza, trantsizio energetikoa, kultura eta euskara, mugikortasuna eta, lurraren eta baserritarren garrantzia hauspotzea. Hori dena landuta genero ikuspegitik eta gardentasun osoz.
Zeintzuk dira zuen ustez Urdulizek dituen arazo nagusiak?
Arazo nagusiak zerbitzuak dira: ez datoz bat biztanleriarekin, ez kantitate ezta kalitate mailan ere. Hala ere, lehen komentatu dudan bezala, hobetzeko beste gai asko daude ere.
Zer proposatzen duzue horiek konpontzeko?
Urduliztarron gabeziengatik eta EAJren pasibotasunagatik kezkatuta, udalerria bizi eta maite dugun herritarron talde bat da EH Bildu Urduliz. Gure helburua zerbitzuak herritarren beharrekin parekatzea da, urduliztarrekin batera aurreikusiz eta landuz.
Urteak geldirik daramatzan osasun-zentro berriaren eraikuntza bultzatu nahi dugu. Hori gauzatzen den bitartean, ospitaleko aparkalekuaren gainean hutsik dauden lokalak eskainiko ditugu aldi baterako. Eremu zabala da eta gaur egun dauden arazoak aldi baterako konponduko lituzke. Modu horretan, herritarren beharrak kontuan hartzen ditugu: bai langileenak baita osasun-zentroko erabiltzaileenak ere.
Gainera, udalerriko haur-eskolako kalteei irtenbidea emango diegu eta handitzeko irtenbideak bilatuko ditugu, izan ere, eskola handitzea funtsezkoa deritzogu. Hala, Bigarren Hezkuntzako/Lanbide Heziketako zentro bat bultzatuko dugu. Halaber, herritarrekin batera lan egingo dugu prezio-sozialak eta familia-bonuak kontuan hartuko dituzten kirol-instalazio berriak eraikitzeko. Kultura sustatuko dugu eta buelta bat eman nahi diogu gaur egungo Kultur Etxeari zerbitzu berriak sortuz: ikasteko gela independente bat eta haurrentzako liburutegia bat, esate baterako. Eraztun Berdea, energia berdeak, bidegorriak, eta garraio publikoa ere bultzatuko ditugu. Azkenik, genero-ikuspegia eta euskara udal-politikan integratuko ditugu, baita gardentasuna eta ko-gobernantza ere. Funtsezkoa deritzogu denon artean maite dugun Urduliz bat lortzea.
Beste alderdiakaz itunak sinatzeko prest zaudete?
Bai; gure programarekin ados daudenekin. Herriaren gehiengoari kasu egin behar zaiola uste dugu. Koalizioan gobernatzea oso presente dugun aukera da, modu horretan, herritarren gehiengoa ordezkatu dezakegulako. Dudarik gabe, uste dugu gobernatzeko aberasgarria izan daitekeela beste alderdien proposamenak. Izan ere, hori da gure xedea: denon artean lan egitea.
Zergatik eman zuri botoa eta ez beste hautagai bati?
Egungo gobernuak ez dituelako azpimarratzen herriaren benetako arazoak. Ez dute herria bizi, ez dute sentitzen urduliztar askok sentitzen duguna. Ez dute herria entzuten, ezta oposizioa ere. Aurrera egiteko eta etorkizunari elkarrekin begiratzeko ordua iritsi dela uste dugu. Gu gara alternatiba herri gozagarri eta bizigarri bat eraikitzeko. Denon artean, maite dugun Urduliz eraikiko dugu.
Hautagaitza honen programa osoa ikusteko, sakatu hemen.