Zeintzuk dira zuen programako ardatzak?
Gure programak izaera sozial nabarmena du; jendearen benetako beharretan oinarritzen delarik. Elkarrekin Podemos-IU-EQUO eta Aliantza Berdeak osatzen dugun hautagaitza honek helburu bakarra du: urduliztar guztien bizitza hobetzea.
Zeintzuk dira zuen ustez Urdulizek dituen arazo nagusiak?
Azkenengo urteotan gure herriak izan duen hazkunde demografikoa izugarria izan da, biztanleria ia hirukoiztu delarik. Zerbitzu publikoak aldiz erabat zaharkiturik gelditu dira. Arazorik larriena osasun zentroaren egoera da; egungoak ez ditu gutxieneko baldintzak betetzen, ez langileentzat ezta erabiltzaileentzat ere.
Mugikortasuna da beste arazo larria: ospitaleak, biztanleriaren hazkundeak eta garraio publikoaren eskasiak ibilgailu pribatuen erabilera areagotu duela begi bistan dago. Azkenik, egungo gobernu taldearen gardentasun eza beste arazo nabarmena da.
Zer proposatzen duzue horiek konpontzeko?
Alde batetik, osasun-etxe berri bat premiazkoa dela ulertu dugu eta urduliztarron konfiantza bereganatzen badugu hauxe izango da gure lehengo lehentasuna: osasuneko profesionalek lan baldintzak duinak izatea osasun-etxeko bezeroek merezi duten arreta jaso ahal izateko. Mugikortasun arazoei aurre egiteko, mugikortasun plan integral berria proposatzen dugu. Hori garraio publikoaren hobekuntzan oinarritzen da; metroen maiztasunak handituz, autobus lerro berriak ezarriz eta bizikleta zerbitzua berreskuratuz.
Badakigu neurri hauetako batzuk ez direla kokatzen udal-gaitasunen barnean, baina, hala ere, esparru horiek hobetzeko Udal Gobernuak borrokatu beharko luke beste erakundeen aurrean. Gaur egungo EAJk zuzentzen duen Udal Gobernuak ez du behar beste indarrik jarri auzokideen aldarrikapen bidezkoak defendatzeko. Udal kudeaketari eta gardentasunari buruz proposamen zehatzak ditugu: alkatearen soldataren jaitsiera nabarmena, arratsaldeko udal osoko bilkurak ezartzea, eta herritarren parte hartzeko bideak hobetzea, besteak beste
Beste alderdiakaz itunak sinatzeko prest zaudete?
Gure programak gure auzokideen bizitza hobetzea du helburu bakarra. Horregatik, helburu sozial horiek lehentasunezkotzat dituen beste edozein alderdi izan daiteke balizko aliatua.
Hautagaitza honen hauteskunde-programa osoa ikusteko, sakatu hemen.