Usategi

Ansonekoa (2)

Joseba Santxo 2023ko abe. 27a, 12:42

Daborduko jaietan murgildu gara. Gorputzak ezohiko martxa eskatzen digu: lagunarte alaiak, tragoak, ikuskizunak, dantzaldiak eta gau luzeak. Ansonekoaren garaian ere (Urduliz, 1812-1856) jai eta ospakizunetan giro aparta sortzen zen, aisialdirako zein indar erakustaldietarako, hurrengo gertaera parean ikusiko duzuenez: 

Sanmigelak ziren Laukizen, eta halakoetan, eskualdeko baserritar guztiak parajetzen ziren erromeriako landara, zein inguruko ardandegietara. Urduliz eta Laukiz artean zegoen Aizkorre tabernan gizon bi zeuden askaltzen, bata laukiztarra eta bestea mungiarra. Halako batean, Ansonekoa morroskoa atetik sartzen ikusi zuten, eta hari buruz esaten zirenak egiaztatu gurarik –ordurako Ansonekoaren indartsu ospea Bizkai osora zabaldua baitzen–, lehenengo hura mozkortzen ahalegindu ziren, ardaora pattarra botaz, horretara makalduko zelakoan. Gero, mungiarrak erronka bota zion Ansonekoari pultsuan egiteko, lagun biak pultsolari bikainak baitziren. Paratu ziren, ba, pultsuan egiteko, baina Ansonekoak Mungiakoaren kokapenari desegoki iritzi zionez gero, paparretik heldu eta airean eduki ondoren, mahaiaren gainetik jaurti zuen indarrez. Mungiarrak, ‘debaldeko hegaldiagatik’ amorratuta, lagunari esan zion argia amatatzeko, eta makilak hartuta Ansonekoari oldartu zitzaizkion astinaldi bat emateko ustean. Orduan, Urdulizko titanak ilunpean arrimatu zitzaion lehenengoari besapetatik oratu eta gora altxatu zuen txotxongilo baten moduan, eta halaxe eroan zuen alboko gelaraino, ingurukoen txilio artean. Pultsolari entzutetsuek polito umildurik egin zuten ospa handik.

Beste batean, 1853an, gure Ansonekoa Basurtuko (Bilboko Abandon) ganadu-azokara joan zen Santiago egunez. Ospakizun hartan baserritar giro aparta izaten zen eta, ordukoan, Ansonekoa Ramon Artaza anaiarekin joan zen. Honek idi parea jo zuen begiz, eta narraren proba egitera zihoala, arratiar batzuek aurrea hartu eta katea kendu zioten eurek aurretik egiteko proba. Orduan, Ansonekoa, anaia estualdian barruntatuta, hurreratu egin zen hamabi bat arratiar ziren tokira. Haiek katearen mutur bati helduta zeuden, eta Ansonekoak beste muturrari oratu eta tenkada gogor bakarrez narras eraman zituen arratiar guztiak, sokatira extrem-eko tiraldi inprobisatu hartan.

Jazoerok zizka-mizkak baino ez dira izan. Urdulizko Juan Bautista Artaza Iraolaga Ansonekoaren onenak irakurtzeko zaudete oraindik. Hurrengo alean beharko! 

Berba azoka

  • Daborduko
    • Dagoeneko.
  • Parajetu
    • Hurreratu, hurbildu.
  • Ardandegi
    • Taberna.
  • Pattar
    • Zenbait gairen destilaziotik ateratzen den edari bizia.
  • Paratu
    • Jarri, prestatu.
  • Pultsuan egin
    • Pultsu norgehiagokan aritu. 
  • Txotxongilo
    • Harien bidez mugiarazten den panpina.
  • Narra
    • Lera, pisuak herrestan eramateko erabiltzen den gurdi modukoa.
  • Kate
    • Hemen, narra idien uztarriari lotzeko katea.
  • Tenkada
    • Tiraldia.
  • Narras
    • Dandarrez, herrestan, arrastaka.
Erlazionatuak

Ansonekoa (1)

Joseba Santxo 2023 abe 26 Urduliz

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun