Elkarrizketak

I. Torices Juaristi eta D. C. Sanchez Puentes: "Laguntza handia da katua zaintzea horrentzako etxe bat aurkitu bitartean"

Nahia Martinez Gondra 2024ko urt. 29a, 14:09

Diana Carolina Sanchez Puentes eta Itxaso Torices Juaristi Urdulizko Katuen Lagunak elkarteko kideak dira.

Urdulizko Katuen Lagunak udalerriko kaleetako 300 katu inguru babesteaz arduratzen den elkartea da. Guztira, 12-16 katu-kolonia daude eta hiru emakume boluntario dira elkartea koordinatzeaz arduratzen direnak. Hala, Diana Carolina Sanchez Puentes eta Itxaso Torices Juaristi urduliztarrakaz hitz egiteko aukera izan dugu elkartearen nondik norakoak ezagutzeko, baita Urdulizen dauden kale-katuen egoeraren berri izateko ere.

Zer da Urdulizko Katuen Lagunak elkartea? 

ITXASO TORICES JUARISTI: Elkarte honetan Urdulizko kaleko katuak bildu, elikatu eta babesteaz arduratzen gara. Hiru pertsona gaude -Vanesa Miguel Navas, Diana eta ni- baina gutaz gain, katuen koloniak elikatzen dituzten beste bederatzi boluntario ere daude.

DIANA CAROLINA SANCHEZ PUENTES: Gainera, abandonuez ere arduratzen gara, asko baitaude herrian. Horrelako animaliei laguntzeko ezer antolatuta ez zegoela ikusi genuenez, gu hirurak batu eta elkarte bat sortu dugu. Bereziki katuak zaintzen ditugu, baina enpatia sentitzen dugu animalia guztiekiko. Katuen gorpuak jasotzeaz ere arduratzen gara. Udalak zerbitzu bat du horretarako baina guk ere egiten dugu. Herri honetan, 2023ra arte ez zegoen martxan CER zerbitzurik (harrapatzea, esterilizatzea eta itzultzea), eta guk katuren bat esterilizatu behar izan dugu noizbait –Urdulizko Udaleko langilea den Soniak HIRUKAri zehaztu dionez, CER zerbitzua 2023ko azaroaren 1ean jarri zen martxan Urdulizen–.

Nola sortu zen elkartea?

I.T. J.: Nik elkartea sortu baino lehen daborduko katuak elikatzen nituen. Behin katu gris bat agertu zen nire etxean eta oso argal zegoen. Hartu eta albaitariengana eraman nuen, eta hilabete askoren ostean jateari utzi zion. Hainbat froga egin ostean leuzemia felinoa zuela esan zidaten. Diru asko gastatu nuen katu horretan eta orduan ohartu nintzen herriko katuen zaintzaz ezin dela lagun bakar bat arduratu. Horregatik, Urdulizko katuek jendearen laguntza behar zutela konturatu nintzen, baita Udalaren laguntza ere. Hortik aurrera, Udalagaz kontaktuan jarri nintzen eta elkarte bat sortu genuen Diana, Vanesa eta hirurok. Hala, gero eta jende gehiago batzen joan da animaliei jatekoa emateko boluntario gisa. 

Zein da jasotzen duzuen laguntza?

I.T. J.: Udalak 13-15 pentsu-zaku, katuak harrapatzeko sei kaiola, lau garraiatzaile eta katuak parasitatzeko pilulak erosi dizkigu. Hori da oraingoz eman diguten laguntza. Aurreko udalbatzak lokal bat utzi zigun Urdulizko kiroldegian, eta bertan pentsua eta kaiolak sartzen ditugu, baina ezin ditugu katuak hor sartu, ura sartzen den lokal bat delako, eta asteburuetan ez dugu argirik –Soniaren arabera, Udaletik diru-laguntza izendun bat emateko asmoa dute eta hitzarmenak hiruhileko honetan osatuko dituzte–. Bestalde, aipatu bezala, bederatzi lagun daude elkartean janaria katuei ematen.

Zer gabezia edota zailtasun duzue elkartean?

D.C.S.P.: Katuak egon daitezkeen gune bat behar dugu. Izan ere, oso pertsona gutxi daude harrera-etxe izateko prest. Jendea katuen beldur da. Gainera, alde emozionala bertan dago, gogorra baita hainbeste katu zaintzea ere. Animalia bakoitzak istorio ezberdin bat du eta markatu egiten zaituzte. Nekagarria da; pentsatzen duzu, hau ez da inoiz amaituko? Nik pertsonalki, katuak esterilizatuta ikusi nahi ditut, eta ez etengabe erditzen. Beraz, gure misioa, animaliei laguntzeko elkarte bat sortzeaz gain, legez beraiena den zerbait lortzea da.

I.T. J.: Bai. Animalien ongizateari buruzko lege berriaren arabera, udalek lokal bat izan beharko dute puntualki gaixo dauden katuak artatzeko. Beraz, espero dugu etorkizunean Udaletik horretarako prest dagoen toki bat ematea. Momentuz, guretzako gunerik ez dutela esan digute.

Guk katutxo txikiak edo abandonu-kasuak aurkitzen ditugunean, une batzuetan ez dugu nora eraman. Horregatik, askotan gure etxeetara eramaten ditugu. Bi edota hiru harrera-etxe besterik ez ditugu. Oso interesgarria litzateke jendea jabetzea katuei eman diezaiekeen laguntzaz aldi baterako harrera-etxea emanez. Kontua ez da katuagaz betirako gelditzea, ezta adoptatzea ere, baizik eta animalia zaintzea horrek etxe bat aurkitu arte. Gainera, katuen erditzeei dagokienez, lehen araldian zeudenean bi erditze izaten zituzten. Egun, hiru erditze egiten dituzte urtean, klima eta tenperatura aldaketaren ondorioz. 

Nola laguntzen dituzue? Zein da zuen errutina?

I.T. J.: Nik normalean jatekoa ematen diet lan egin ostean. Baina gaur esaterako ez naiz lanera joan beraz gune batetik pasatu naiz aspaldi ikusten ez genituen katu beltz batzuen bila. Beste egunean, katu bat esterilizatu genuen Urdulizko irteeran. Gero, aske utzi genuen baina kontrolatzen joan behar zara ea ondo dagoen ala ez jakiteko. Nire kasuan, harrera-etxe gisa ere laguntzen dut.

D.C.S.P.: Janaria emateko errutina eta ordu batzuk ditugu. Nik nire katuei ordutegia aldatu behar izan diet bizilagun bat iraintzen hasi zelako. 

Askotan jaso dituzue kritikak herriko katuak zaintzeagatik?

I.T. J.: Horrelako kasuak daude, bai. Pertsona batzuek esan digute katuak arratoiak jateko daudela eta ez diegula jatekorik eman behar, euren jateko iturri bakarra arratoiak direlako. Edota bestela euren txakurrakaz solte doaz, eta katuei eraso egiteko agintzen diete. Laguntzen gaituen jendea ere badago, baina beste lagun batzuek ezjakintasunetik kritikatzen dute.

D.C.S.P.: Askotan iraindu gaituzte. Uste dute katuei jatekoa ematen badiegu Urduliz arratoiez beteko dela. Aitzitik, katuek euren instintuak dituzte eta nahiz eta jatekoa izan, arratoiak eta saguak harrapatzen diraute. Jendea oso okertuta dago. Ni beti saiatzen naiz iraintzen nauen jendeagaz hitz egiten eta egoera azaltzen, baina batzuek ez dute ulertu nahi. Horregatik azkenean emozionalki eragiten dizu, zu saiatzen zarelako zerbait ona egiten animalia horiengatik. Azkenean, nire ordutegiak aldatu nituen auzokide horren jazarpen berbala ekiditeko. Udalak ere eman dizkigu elikatzaile txartela batzuk. Horregaz ez gara guztiz babestuta sentitzen baina behintzat badugu agiri ofizial bat erakusteko gu katuak laguntzeko boluntarioak garela. Ez dugu inongo kalterik egiten. 

Nola lagundu dezake jendeak?

D.C.S.P.: Mila eratan. Keinurik txikienak ere, asko laguntzen du. Urdulizko Katuen Lagunak Elkarteari diru-dohaintza bat egiten, zozketetan parte hartzea, katuak elikatzeko edota elikagaiak biltzeko boluntario izaten, azoka txikietan parte hartzen, harrera-etxea izaten... Beti behar dugu laguntza, eta beti da ongi etorria; beraz, jendeak eman dezakeen edozer gauza ondo egongo da. Autoa duten pertsonak ere bilatzen ditugu, lan egiten dugun pertsonak garelako, eta larrialdiren bat sortzen bada edo katu bat albaitariarengana eraman behar bada, laguntza hori primeran etorriko litzaigukeelako. 

Zerbait gehitu nahiko zenukete?

I.T. J.: Bai. Niri gustatuko litzaidake azpimarratzea Urdulizetik autoz etortzen den jendeak zirkulazio-arauak errespetatu behar dituela. Seinale batek 30 orduko abiaduran joateko jartzen badu, hori errespetatu behar da. Mungiako biribilgunetik Unbera igotzen den errepidean, esaterako, ezin da 80 orduko abiaduran joan. Animalia batzuk errepide horiek gurutzatzen dituzte eta nekatuta gaude negar egiteaz beren gorpuak biltzean. Azkenean, katuak gure denboraz eta maitasunez elikatzen eta gertutik ezagutzen ditugu, eta, gero, hilda aurkitzen ditugu auto batek harrapatuta. Kotxeak azkar doazenez, ez die frenatzeko astirik ematen. Guretzako gogorra da txikitatik elikatu ditugun katuak hiltzen ikustea.

D.C.S.P.: Bai. Arazo larria dugu, bereziki, gure inguruan. Katuak ez ezik, txakurrak ere harrapatzen dituzte. Jendeak enpatia pixka bat sentitu beharko luke eta abiadura-mugak errespetatu. 30 orduko abiaduran frenatzeko denbora ematen dizu. Oso gogorra da zure koloniako katu bat hilda ikusten duzunean. Errudun ere sentitu gara, jaten ematen ari garelako. Hildako animalia asko jaso ditugu. Katu gehienek errepidera ateratzeko ohitura dute, herri gisa asko hedatu garelako eta mendi asko egon direlako inguruan. Katuek ez dute herri erdian eraiki dugun errepide hau ezagutzen.

 
 
 
 
 
View this post on Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

A post shared by Urdulizko Katuen Lagunak (@urdulizkokatuenlagunak)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun