Nondik dator Urdulizen mendi-talde bat sortzearen ideia?
Urdulizen, Santa Marinako haitzak ditugu, eta harritzen gaitu hemengo herrikide asko horiei bizkarra emanda bizitzea. Hori dela eta, lagun-talde bat batu ginen, gure ingurua ezagutu eta ezagutaraztea gustatuko litzaigukeelako.
Noiz hasi zen Belatzgorri taldea gorpuzten?
Duela urte batzuk hasi ginen estatutuak eta bestelako kontu batzuk egiten, baina gauza bategatik edo besteagatik, azkenean proiektua alde batera gelditu zen. Iaz, azaroan, berriz, berriro taldearen ideia hartu, bultzatu eta martxan jartzea erabaki genuen, eta nahiko arin prestatu dugu dena. Esan bezala, azaroan hasi ginen, eta dagoeneko dena tramitatzea lortu dugu eta, besteak beste, federatuen lizentziak atera ditugu ere. Hala, bagaude martxan.
Zer helburu izango ditu taldeak?
Lehenik eta behin, jendea mendira eta naturara hurbiltzea eta ondo pasatzea. Horrez gainera, mendian zelan moldatu behar garen azaltzea gustatuko litzaiguke, ezagutza hori ahoz aho pasatzeko belaunaldiz belaunaldi, lehen egiten zen bezala. Era berean, gazteei antolatzeko beste modu bat ezagutarazi nahi diegu, ikus dezaten gaur egun ere ez dela beharrezkoa dirua gastatzea ondo pasatzeko eta disfrutatzeko. Gainera, Urduliz, herri moduan, izugarri hazi da azken urteotan, eta uste dugu mendi-talde bat oso aukera ona dela hona etorri garenon artean erlazioak sustatzeko eta berton sustraiak botatzeko.
Urtarrilaren 12an aurkezpena egin zenuten eta, emaitza ikusita, arrakastatsua izan zen. Zer balorazio egiten diozue horri?
Nahiko jende etorri zen, bai, 100 pertsonatik gora egon ginen aretoan, eta jendea oso gogotsu zegoen. Gainera, egunotan ere, kalean geldiarazten gaituzte galdetzeko ea zelakoak izango diren irteerak. Azken finean, jende asko etorri da Urdulizera bizitzera eta jende asko dabil halako planen bila, gauzak herrian egin ahal izateko.
Nortzuk zaudete talde honen atzean?
Denetarik dago, baina esango nuke, orokorrean, lagun-talde bat dagoela honen atzean, eta momentuz gauza irekita dago. Jende gehiago espero dugu, eta zenbat eta jende askotarikoagoa egon, orduan eta aberatsagoa izango da herriari egingo diogun proposamena.
Interesa duenak zer egin behar du taldeko kide izateko?
Gurekin harremanetan jarrita, bileretara bertaratuta, irteeretara etorrita edota eraikitzen ari garen webgunearen bitartez egin dezake; azken hori oraindik eraikitzen ari gara, baina badabil.
Zer motatako ekintzak egingo ditu Belatzgorrik?
Hori ikustear dago, taldea hasi baino ez delako egin; apuntatzen doan jendearen arabera joango gara moldatzen. Baina aurkezpenean ikusi genuen garrantzitsua zela egutegi bat aurkeztea, eta dagoeneko lehenengo sei hilabeteontzako jardueren zerrenda egina dugu. Inguruan arituko gara, mendi txikietan, eta baita Galdakaoko Burdin Hesira bisita egin ere, batez ere denon parte-hartzea ahalbidetzeko. Hala ere, Picos de Europara irteera ere egingo dugu, ekainean. Hala ere, ideia da ekitaldi guztietan ibilbide errazak izatea, eta zailak direnean ibilbide bi egotea aukeran. Izan ere, uneotan 100 bazkide baino gehiago gara, eta horien artean ume asko dago.
Beraz, adin guztietarako eskaintza izango da Belatzgorrik egiten duena, ezta?
Bai, hori da. Elkarren arteko harremanak sustatzeko lekua izatea nahi dugu, eta, beraz, adin guztietarako zabalik gaude. Hau ez da errendimendu altuko talde bat izango, inondik inora.
Ildo horretan, baina, federatzea beharrezkoa izango da?
Ez. Mendi-taldearen bitartez posible izango da federatzea, eta baditugu hainbat bazkide federatu direnak, baina ez da beharrezkoa izango. Irteeretara joateko ere ez da taldeko bazkide izan behar, edonor etorri ahal izango da, baina, beharren arabera, baliteke gauza batzuetarako horiek lehentasuna izatea.
Hala ere, irteerez aparte, prestakuntzak ere antolatzea aurreikusten dugu, hala nola eskaladako formazio bat Santa Marinan bertan, eta horiek, seguruenik, taldeko kideei begira izango dira.
Ekintzen egutegi bat prestatzearen beharra aipatu duzu; baduzue zehaztuta zerbait daborduko?
Bai, datozen sei hilabeteetarako ekintzak zehaztuta ditugu, eta lehenengoa otsailean izango da. Urdulizetik hasita, ibilbide zirkular bat egingo dugu, Berango eta Sopelatik igaroko dena, besteak beste, ingurua ezagutzeko.