Etorkizuneko proiektu industrialetan ikuspegi ekosoziala bermatzea eskatu diote Mecanerreko langileek Eusko Jaurlaritzari

Nahia Martinez Gondra 2024ko mai. 9a, 13:21

Agerraldia egin dute etorkizuneko industria ekosozialaren alde. © LAB

Hilabete luzeko borroka sutsuaren ostean, Stellantis multinazionalak Mecaner enpresa itxi du bertako 148 langile kaleratuz. Horregatik, gaur, maiatzak 9, hainbat militante eta eragile bildu dira Eusko Jaurlaritzari exijitzeko etorkizunean industria ekosozial baten alde egin dezan. "Mecaner itxi da. Baina makinaria eta instalazioak hemen daude. Bertan zer eta nola ekoiztu behar den proposatzeko jarraipen batzordea sortu behar da eta herritarron parte hartzea bermatu", nabarmendu dute.

Gaur bildutako lagunek azpimarratu dute "krisi ekologiko betean" gaudela, eta bide bakarra gutxiago produzitzea eta kontsumitzea dela, betiere, irtenbide berriztagarriei lehentasuna emanez. Ildo horretan, Mecanerren langile batzordearen gehiengoa trantsizio plan ekosozialaren alde agertu izan dira: "Multinazional handi baten diru goseari irtenbide sozial eta ekologiko justuagoa borrokatzeko aukera izan da plan hau". Alabaina, Mecaner itxi egin dute azkenean.

Hala ere, LAB sindikatuak ohar batean jakinarazi duenez, Urdulizen jarraitzen dute makinek eta instalazioek. Horregatik, argudiatu dute eraldaketa ekosoziala gauzatzeko alternatiba plana mantentzen dutela, eskualdean trantsizioa modu justuan egiteko herri indar eta gogoakaz batera. Hala, mugimendu ekologistako kideek, herri mugimendu anitzetako militanteek, industriako langileek, eskualdeko alkate eta zinegotziek, akademia mundukoek eta Uribe Kostako bizilagunek hurrengo eskaerak egin dizkiete Eusko Jaurlaritzari:

  • Mecanerren makinaria eta instalazioak oraindino ere Urdulizeko lantokian daude. Bertan zer eta nola ekoiztu behar den proposatzeko jarraipen batzordea sortu eta herritarron parte hartzea bermatu gura dute.
  • Mecanerren lantokia dagoen tokian inolako proiektu industrialik garatu behar bada, ikuspegi ekologiko eta soziala izan dezala exijitzen dute. Hala, langilek aurkeztu duten plana hurrengo proiektuen oinarri eta eraldaketa industrialaren abiapuntu izateko.
  • Etorkizunean proiektu industrialik egotekotan, bertan lanean egon direnek lehentasuna izan dezatela eskatu dute, suntsitutako enplegua berreskuratuz eta baldintza duinetan eraikitako kalitatezko enplegua dela ziurtatuz.

Era berean, Uribe Kostako gizarte-eragile guztiei dei egin izan gura diete foro sozial bat eratzeko, "demokratikoki eta denen parte-hartze aktiboaren bidez, gizarte-eraldaketa bidezko eta jasangarrirako eredu bat diseinatzen has gaitezkeen, inor atzean utzi gabe". Lehenengo bilera maiatzaren 28an izango da, arrastiko 18:30ean.

Gainera, maiatzaren 11n, zapatuan, Bilbon egingo den alternatiba ekosozial justuaren aldeko mobilizazioan parte hartuko dute ere, eta herritarrei bertan parte hartzeko gonbita egin diete.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun