ELA sindikatuak deitoratu duenez, joan den apirilaren 26an "adostu zituzten kaleratze kolektiboaren baldintzak, lantegiaren itxiera ziurtatuz". Horren aurrean, ELAk gogoratu du lantegia ixteko izapidea hasteko erabakia hartu zela jakin zuenetik multinazionalaren aurrean "irmo erantzutearen aldeko apustua" egin zuela. "ELAk bakarrik deitu zuen greba mugagabea zuzendaritzaren erasoaren aurrean, eta ez zituen onartu multinazionalak langileak kaleratzeko emandako argudioak", azpimarratu du sindikatuak berak.
Apirilaren 26an amaitu zen enplegu-erregulazioko espedientea negoziatzeko epea eta, "hasiera batean akordiorik ez zegoela iragarri bazen ere", ELAk deitoratu du "Stellantiseko zuzendaritzak LABek, ESKk eta CCOOk –gehiengo sindikala dute horiek– egun horretan bertan adostu" zituztela langileak kaleratzeko baldintzak, "lantegiaren itxiera ziurtatuz eta ELAren oposizio bakarrarekin". Akordio horrek, gainera, sindikatu horren arabera, "izugarri zailtzen du enplegu-erregulazioko espedientea epaitegian inpugnatzeko aukera".
Egoera horren aurrean, ELAk Mecaner enpresako langileei etorkizuna emango liekeen industria-plan bat egiteko lanean jarraitzea erabaki zuen, "eta helburu horri erantzuten dio Jaurlaritzarekin egindako bilerak". Nolanahi ere, ELAk bere afiliazioak izandako greba mugagabearen balioa eta konpromisoa azpimarratu ditu, "multinazionalak itxieraren inguruan duen interesa agerian uzteko eta Eusko Jaurlaritzari Urdulizen jarduera berrabiarazteko lanean presioa egiteko tresna eraginkor bakarra baita".