Zer jarduera egingo dituzue?
Hiru tailer egingo ditugu, gaueko behaketa bategaz batera. Lehenengoan, eguzki-sistemaren maketa egingo dugu. Bigarren saioan, konstelazioak aztertuko ditugu, eta etxeko proiektore moduko bat egingo dugu konstelazioak behatu ahal izateko. Hala, gaueko irteerari begira ikasten joango gara. Hirugarren tailerrean, kohete espazial bat eraikiko dugu. Hori erreakzio kimiko baten bidez propultsatuta egongo da, eta, ekintza horren bidez, lehen bidaia espazialei eta agentzia espazialei buruz hitz egingo dugu.
Zein da tailer hauen helburua?
Jakin-min handia sortzen die haurrei espazioak. Izan ere, gai horri buruz ikastetxeetan ematen den edukia nahiko mugatua da. Beti gauza bera izaten da: planetei eta ilargiaren mugimenduari buruz hitz egiten dute. Eta errealitatea da espazioa askoz gehiago dela. Kuriositate horretatik abiatzen gara.
Orduan, metodologia guztiz praktikoa erabiltzen duzue, ezta?
Bai. Pasadizoak kontatzen dizkiegu eta solasaldiak ere egiten ditugula haiekaz. Horrela, badakigu zein jakintza dituzten edota erabat kontrolatzen ez dituzten edukiak zehazten ditugu. Gainera, tailerraren amaieran lehiaketak egiten ditugu, zer eduki ikasi dituzten ikusteko. Teorikoa dena jolasaren eta elkarrizketaren bidez egiten dugu, baina, batez ere, oso eduki praktikoa da: haurrak joan daitezela egiten eta horretan galderak sor daitezela eta guk erantzungo dugula.
Zein da haiek gehien harritzen dituen gauza?
Planeten tamaina ezberdinak ezagutzean eta planeta batzuk gaseosoak direla jakitean asko harritzen dira. Konstelazio-tailerrean ere, oso deigarria egiten zaie konstelazioen atzean dagoen mitologia guztia. Ipuin moduko bat da haientzako. Kohetearen tailerrean, dena harritzen die: euren kohete propioa hegaz egiten ikustea, baita gertatzen den erreakzio kimikoa bera ere.
Uste duzu haurrek hobeto xurgatzen dutela ezagutza tailer hauen bidez?
Bai, zalantzarik gabe. Jokoa eta esperimentazioa ikasteko modurik onena da. Ikasten dute taldean lan egiten, eta arazoak konpontzeko pentsamendu logikorako gaitasun handiagoa izaten dute.