Sopeloztarren ohiturari jarraituz, Urdulizen ere ama izandako emakumeak omenduko dituzte. Horretarako, santuarenganako errespetua erakutsiko dute eta amei aurreskua eskainiko diete. Aurten, gainera, janari gozoa barra-barra egongo da: hamaiketakoa egingo dute fanfarriagaz batera, 12:15ean; 14:00etan, tortilla-lehiaketako aurkezpenari ekingo diote eta, 20:30ean, saltxitxa-ogitartekoak banatuko dituzte.
Halaber, 21:00etatik aurrera, gorputza mugitzeko parada ere izango dute Zutik taldearen erromeria dantzagarriagaz. Hala, berriro ere, tradizioa berpiztuko dute.