Uribe Kostako lehen sektorea

Mery Ann Garling Infanta: "Etxebizitzen eraikuntzaren bidez lehen sektorea hiltzen ari dira"

Nahia Martinez Gondra 2024ko urr. 28a, 11:12

10 familia inguru dira baserriko produktuen bezero fidelak.

Urdulizen kokatuta dago Mery Ann Garling Infanta eta bere bikotekidea den Gabi Basañezen baserria. Butroira bidean dagoen lau urteko proiektuak animaliak eta landa-eremua uztartzen ditu. Pewma izena jarri zioten, mapuzungun hizkuntzan "ametsa" esan gura duena. "Guretzako amets bat delako sinesten duguna praktikan jarri ahal izatea", azaldu du Garlingek.

Nola sortu zen zuon proiektua?

Gabi eta biok elikadura subiranotasunean sinesten dugu,  eta landa-eremutik bizi ahal izatea da gure bizi-proiektua. Hala, lurra lantzeko eta bertatik bizitzeko leku bat alokatzea erabaki genuen. Pandemian hasi ginenez, denbora asko izan genuen proiektuari gure % 100a emateko. Halere, tramite burokratikoek asko zailtzen dituzte baserriko ekimen hauek; ez dago aukera zehatzik administratiboki baserri txiki bat aurrera eraman ahal izateko. Gainera, nire kasuan, txiletarra naiz eta ez dut NANik, AIZa baizik. Atzerritarra naizenez, argi eta garbi horregaz beste gauza batzuk zailtzen dira, hala nola autonomoa izateko prozesua.

Zeintzuk dira baserrian dituzuen animaliak? Eta landatzen dituzuen barazkiak?

Baserri-proiektu bat dugula diogu, proiektu mistoa delako: barazkiak landatzen ditugu eta abeltzaintzan aritzen gara ere. Animalia mota ezberdinak ditugu: 10 behi, 40 ardi, 6 ahuntz, asto bat, 40 oilo... Barazkiei dagokienez, eguraldiaren eta sasoiaren errespetua bermatuz ereiten saiatzen gara. Ez dugu negutegirik eta kanpoan landatzen dugu guztia. Denboraldiak uzten diguna ereiten dugu.  Orain, esaterako, hauek ditugu: aza, espinaka, zerba, kalabaza, tipula...

Nolakoak dira zuen erosleak?

Hainbat kontsumo-taldegaz lan egiten dugu. Finkoak 10 dira, eta, 15 egunean behin, hain finkoak ez direnak, 20 bat gehiago dira. 30 familia dira guztira guk ekoizten dugunetik jaten dutenak. Azoketara ere joaten gara eta askotan taloak egiten ditugu. Ekonomia zirkularraren aldeko apustua egiten saiatzen gara eta, beraz, guk produkturik ez dugunean, beste kideen produktuak eskaintzen ditugu.

Uste duzu gaur egun jendeak zero kilometroko produktuak baloratzen dituela?

Gezurra esango nizuke baietz esango banizu. Benetako apustu bat egongo balitz, lehen sektorea beste egoera batean egongo litzateke. Batzuk oso kontzientziatuta daude eta, beste batzuk,  modan dagoelako egiten dute. Badago jendea elikadura-subiranotasunean eta osasuntsu jan ahal izateko proiektu batean sinesten duena. Baina baratzean aritzen garenok beti diogu barazkijale guztiek supermerkatuan erosi beharrean nekazari txikiari erosiko baliote beste egoera batean egongo ginatekeela. Horregatik, jendea animatzen dut landa-eremuko produktuen benetako apustu baten alde egiten hasteko.

Zein da, zure ustez, lehen sektorearen egoera Uribe Kostan?

Uribe Kostako lehen sektorea hiltzen ari da, eta lotura zuzena du hirigintzaren boom-agaz eta horrek berdeguneez jabetzeko duen moduagaz. Hiriak hazten ari dira atzean uzten dutena kontuan hartu gabe. Beraz, lehen sektorea zanpatzen ari dira. Landu daitezkeen lursailak gero eta gehiago murrizten ari zaizkigu. Modu gupidagabe eta basati baten bidez, etxebizitzen eraikuntzaren bidez, Uribe Kostako lehen sektorea hiltzen ari dira. Landaz bizi ziren herriak desagertzen ari dira etxebizitzak eraikitzeko. Gainera, lurrak lortzea zaila eta nahiko eskuraezina da. Erostea oso garestia da, batez ere, modu kolektiboan erosten ez bada. Halaber, esan bezala, oso toki gutxi geratzen dira. Askotan, baserriak txaletak bihurtzen dituzte; ez dira autoekoizpenerako erabiltzen. Ondorioz, hirigintzaren industria errazago jabetuko da lursail guztiez.

"Ez dugu elikagaien merkataritza-sistemarik behar. Gure otorduak hornitzeko gaitasuna dugu elikaduraren zentzu kapitalistaren beharrik gabe, hori baita planetako biziraupenaren oinarri nagusietako bat"

Zure ustez, zergatik da garrantzitsua elikadura-subiranotasuna?

Herriok gure kabuz elikatzeko eskubidea dugulako. Ez dugu elikagaien merkataritza-sistemarik behar. Gure otorduak hornitzeko gaitasuna dugu elikaduraren zentzu kapitalistaren beharrik gabe, hori baita planetako biziraupenaren oinarri nagusietako bat.

Nolako da zuen egunerokotasuna baserrian?

Asteko eta hileko plangintza egiten saiatzen gara, baina egunero ateratzen dira gauza berriak. Goizean goiz animaliak ikuskatu eta elikatzen ditugu. Ikusten dugu zeintzuk gauza puntual egin behar ditugun, eta, ondoren, 3-4 ordu inguru egoten gara baratzean. Gero, jan, baratzean egon eta berriro animaliak ikuskatzen ditugu. Banaketa egun finkoak ditugu barikuetan, eta produktua biltzen hasten gara eguaztenetik aurrera.

Zaila egin zitzaizuen hainbeste lan egitea proiektuaren hasieran?

Ez, landatik natorrelako eta Gabik baratzea duelako aspalditik. Garrantzitsuena da ez larritzea, noranahi begira baserrian lana dagoelako. Ezin dizu buruak eta egin beharreko guztiak irabazi. Oso garrantzitsua da gauzak lasai hartzea eta egiten joatea. Landan bizitzen ikasteak ez du esan nahi eremua ekoizpen hutsa bezala ikustea. Bizitzen ikastea da, landa-eremuagaz bizitza partekatzea.

Eta zein esango zenuke dela baserriko alderik gogorrena?

Prekarietate ekonomikoa. Landa-eremuak ez du proiekzio ekonomiko oso alturik. Lehen sektorean, 300 euro inguru ordaintzen ditugu autonomoak izateagatik, eta irabazten dugunaren laurdena edo erdia bertan joaten da. Beraz, konplexua da. Gainerakoa estalita daukagu: janaria, bizitzeko leku ederra... Pobrezia ekonomikoa da, baina, aberastasunaren beste termino batzuetan, hiriko jendea baino askoz aberatsagoak gara. Leku ederra eta lasaia dugu bizitzeko, eta horrek ez du preziorik. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun