H.P. Lovecraft. Ahaztutako ametsa liburua argitaratzear zaudete Unaik eta biok; zertan datza lan hori?
Lovecraft Ameriketako Estatu Batuetako idazlea da, duela ia mende bat hil zena, eta izu kosmikoaren aitzindari garrantzitsuenetakoa da. Gaur egun ikusten ditugun estralurtarrak eta beste izaki beldurgarri batzuk haren lanetan inspiratuta daude hein handi batean.
Lovecraft-ek 1927ko azaroaren 3an bere lagun bati gutun bat idatzi zion, amets ikaragarri bat kontatuz. Amets horren agertokia, non eta, Pompelo zen –gaur egungo Iruñea–, orain dela 2.000 urte baino lehen. Bera erromatar gisa esnatu zen amets horretan, eta bertan antzinako herri baten erritualen testigu izan zen. Hau ikusi genuenean, pentsatu genuen: "Ostras, honekin zerbait egin beharra dago!".
Hasierako testu horretatik abiatu duzue zuen lana.
Bai. Hasierako testua gaztelaniaz idatzita zegoen, baina oso estilo berezi eta sotilarekin, beraz, moldatu egin genuen: hizkuntza arindu, eta estilo narratiboa gaur egungo irakurlearengana hurbildu. Gainera, testua luzatu eta misterio bat sortu dugu.
Istorioa honela hasten da: ikerlari batek gutun hau aurkitzen du eta konturatzen da bertan kontatzen dena berak bizi izan duen zerbaiten antzekoa dela. Horregatik, Lovecraft-ek kontatutako hori egia ote den edo zenbateraino dagoen errealitatearekin lotuta ikertzea erabakitzen du. Iratiko oihanera joaten da ikertzera, eta han bidea egiten duen heinean, gauza misteriotsuak gertatzen hasten dira. Azkenean, ikerlaria desagertzen da, eta liburua irakurlearen eskuetara heltzen da, amaitu gabeko koaderno misteriotsu baten moduan. Irakurleak, beraz, misterioa argitu beharko du, Lovecraft-ek kontatutakoa benetakoa ote zen jakiteko.
Kontakizun bat baino gehiago, irakurlearengan murgiltzea bilatzen duen obra interaktibo bat da, beraz.
Hori da. Hori oso garrantzitsua da, izan ere, liburuak 65 orrialde inguru ditu, eta bukatzerakoan bigarren zati bat aurkituko dugu. Zati horretan, irakurlea istorioan murgilduko da. Gustu edo interesaren arabera, istorioa ikertzeko aukera izango du, eta ondorio desberdinetara irits daiteke. Gainera, ondorio horiek definitutakoan, guk proposamen bat egiten diogu irakurleari: gurekin partekatzea, eta, guk sortutako narrazioarekin bat egiten badute, hurrengo argitalpenean pertsona horren izena inprimatuta agertuko da liburuaren amaieran, omenaldien horman.
Nola iritsi zineten 1927ko gutun horretara?
Gutun hori duela urtebete inguru topatu genuen. Gure argitaletxe berriarekin Euskal Herriko istorio eta mitoak kontatzen zituzten testu klasikoak biltzen ibili ginen. Horrela aurkitu genuen gutun hau, eta guztiz txundituta geratu ginen Iruñea agertzen zela ikusita. Zergatik idatzi zuen Lovecraft-ek Iruñeari buruzko zerbait? Orduan, bururatu zitzaigun zerbait egin beharra zegoela. Eta zer egin? Euskaratu, Euskal Herriko kulturarekin uztartu, eta horren atzean gure mitologiari buruzko elementuak sartu. Euskal mitologiaren eta Lovecraft-en imajinarioaren arteko nahasketa bat da, beraz.
Zelakoa da nahasketa hori?
Lovecraft-ek garaiko euskal herritarren edo herri zahar haien errituak eta gertakariak nola deskribatuko lituzkeen irudika ezazu. Beldur handia sortzen duten eszena latzak deskribatzen ditu: pertsonak desagertu egiten dira, izu izugarriak eragiten dituzten garrasiak entzuten dira… Hortik abiatuta, guk, ikerketa sakon baten ondoren, gure mitologiako izaki eta kondairekin lotzen saiatu gara hori guztia. Horrela, istorioak aurrera egin ahala, Lovecraft-en obrarekin konexioa duten mitologiako pertsonaia horiek agertzen dira, baina ez hain deabrututa; beste interpretazio bat eman diegu berak egindako lan horri.
Ikerketa-lan handia egin duzue; sorpresarik izan duzue bide horretan?
Bai, horixe! Istorioa amets batean oinarritutako fikzio bat den arren, gutun honetan sumatzen da dokumentazio lan handia egin zuela Lovecraftek. Nahiz eta argitaratu ez zuen, bere kideari bidalitako gutunean datu historikoak tartekatzen zituen: pertsonaia zehatzak, garai historikoa… Erromatarrek ia-ia une horretan bertan iritsita zeuden Iruñera, eta horiek aipatzen diren moduan, gutunean agertzen diren xehetasun batzuk oso sendoak eta zehatzak dira historikoki.
Guk ere, gaur gaurkoz oso gutxi dakigu garai horri buruz. Erromatarrak iritsi zirela jakin badakigu, baina ez dugu oso argi nolakoa zen antzinako Iruñea hori, eta, ondorioz, berbarako, nolakoa zen hiri horretako foroaren egitura, herriko plaza zena. Hori irudikatzeko, Nafarroako Unibertsitateko irakasle batengana jo genuen, eta berak lagundu zigun foro hori eraikitzen, irudikatzen. Guztia hipotesien bidez landu dugu, baina datu historikoetan oinarritutakoa.
Nolakoa ziren, bada, garaiko Iruñea eta inguruak?
Erromatarrak Nafarroara iritsi zirenean, garai hartan bertan bizi ziren baskoien lurrak hartu zituzten. Horiek Burdin Aroko komunitateak ziren, eta sakabanatuta bizi ziren talde txikitan. Erromatarrak etorri zirenean, aldiz, talde horiek guztiak bat egitera behartu zituzten, hiri batean bizitzera, horien gaineko kontrol gehiago izateko. Guretzat harrigarria izan zen jakitea gure euskal historiaren eta erromatarrak ekarritako historiaren arteko nahasketa izugarria dela.
Istorioaz gain, ilustrazioak ere badaude, Unai Gonzalezenak. Zelakoa izan da zuen arteko elkarlana?
Argitaletxea biok sortu dugu, proiektua biona da. Une batean, Unaik ekarri zidan idazkia, eta ni hasi nintzen garatzen eta idazten. Istorioa amaituta zegoenean, orduan hasi zen bera ilustrazioak egiten. Lan handia dago maketazio eta ilustrazio aldetik. Dagoeneko liburua ia osorik dago, baina azken ukitu batzuk falta zaizkio, maitasun handiz landutako xehetasunak: irudi txikiak, azpimarratutako pasarteak… Xehetasun horiek gehitzen ari gara orain.
Noiz hasi zineten lanean?
Gutuna jaso genuen unean hasi genituen ikerketa-lanak. Irakurtzen hasi, enfokatu nola egingo genuen… Abenduan hasi nintzen idazten, eta hiru hilabete inguru eman nuen horretan. Gero, beste eleberri bat idazten hasi nintzen, eta bitartean, honen kudeaketa egiten jarraitu nuen, Nafarroako Museoko arduradun batekin eta historialari batekin harremanetan jarriz. Beste momentu garrantzitsu bat izan zen Iratiko oihanera joan ginenean, bertan kontatzen den istorio paraleloa garatzeko.
Liburua argitaratzeko crowdfunding-a abiatu duzue, Verkamin. Nola doa egitasmoa?
Oso ondo. Mezenasgoa abiatu eta astebetera gutxieneko helburua lortu genuen, eta pozik gaude. Hala ere, gure asmoa gehiagora heltzea da, proiektua ondo definitzeko. Izan ere, zenbat eta pertsona gehiago eta finantzazio handiagoa lortu, orduan eta gauza gehiago definitu eta garatuko ditugu. Esaterako, 25.000 eurora iritsiko bagina, audio-liburu bat ere sortuko genuke.
Noiz argitaratuko duzue liburua?
Azaroaren amaieran edo abenduaren hasieran. Crowdfunding-a azaroaren 7an amaituko da, eta hortik aurrera, falta diren xehetasunak osatu eta inprimategira bidaliko dugu. Durangoko Azokan aurkezteko moduan izatea espero dugu.
Zelakoa izango da banaketa?
Bi modutara banatuko dugu: autobanaketa, guk zuzenean liburu-denda jakinetara eramanda; eta Elkar argitaletxearen bidez ere salduko dugu. Liburu honek interes handia sortuko duela uste dugu, eta 400-600 ale inguru argitaratuko ditugu. Etorkizunean, behar izanez gero, kopuru hori handituko dugu.
Euskaraz eta gaztelaniaz argitaratuko duzue, ezta?
Bai. Nire asmoa beti izan da lanak lehenik euskaraz egitea eta, gero, behar izanez gero, gaztelaniara itzultzea. Kasu honetan, Euskal Herritik kanpo ere interesa izan dezakeenez, biak uztartu ditugu.
Nori zuzendutako liburua dela esango zenuke?
Zalantza izan dugu horrekin. Berez, liburu honek edonork gozatu dezake, baina 12 urtetik beherakoentzat ez dugu uste gomendagarria denik, ez luketelako ondo ulertuko. Hartara, 12 urtetik gorako nerabeentzat zein helduentzat interesgarria dela uste dugu, besteak beste, baduelako erronka intelektual bat. Are gehiago, badira gazteak alor honetan gu baino trebeagoak direnak.
Psikologia ikasi eta Draco Somnium izeneko argitaletxea sortu duzu. Nola iritsi zara honaino?
Psikologia ikasi nuen, bai, eta urteen poderioz ikusi nuen hezkuntzarekin lotutako psikologia zela gehien interesatzen zitzaidana. Hainbat esperientzia izan dut orientatzaile bezala, eta hor ikusi nuen badagoela beharra ikaskuntza errazteko. Sistema ofiziala hel daiteke puntu jakin batzuetara, baina beste batzuetarako literaturak eta arteak eragina izan dezakete. Adibidez, sare sozialek gazteengan duten eragina ikusita, uste dut literaturak ere baduela zer egina gazteen artean interes handia pizteko gai zehatz batzuen inguruan. Hartara, nire helburua da psikologiaren oinarriak sormena eta pentsamendu kritikoa pizteko erabiltzea, eta liburu honek hori sustatzen du hein batean, bai eta historiarekiko interesa ere. Sormena eta artea baliatzea ikaskuntza errazteko bide polita iruditu zitzaidan.
Bestalde, Unai hasi zen Euskal Mandalak liburuarekin, iaz euskaraz argitaratu zuena. Haren harrera ona ikusita, motibatu egin ginen argitaletxe bat sortzeko. Izan ere, niri beti gustatu izan zait idaztea, batez ere izuarekin lotutako gaiak, eta horrek ere bultzatu gintuen.
Honen aurretik beste proiekturik egin al duzue elkarrekin?
Bai, muralak egin izan ditugu elkarrekin. Saiatu gara esku-hartze sozialeko proiektu bat ere egiten, baina dirulaguntza falta zela-eta ez zen atera. Film labur batzuk ere egin izan ditugu, Getxoexpress bezalako ekitaldietarako.
Lehenago aipatu duzu beste eleberri bat duzula esku artean. Zertan datza?
"Butroeko uso ero" izeneko eleberria da, Butroeko gazteluan kokatuta dagoena. Eleberri introspektiboa da, eta psikologia literatura gotikoarekin eta historiarekin nahasten ditu, gaur egungo gazteen kezkak aztertuz, hala nola auto-irudiaren distortsioak, errealitatearen, ametsaren eta delirioaren arteko mugak azaleratuz. Misterio, beldur eta fantasiazko eleberria da, baina edukia psikologikoki interesgarria da. Spoilerrik ez dut egingo, baina badu metafora sakon bat.
Idatzita duzu daborduko?
Bai, jada idatzita dago, eta maketatzen ari gara. Unaik azala egiten ari da, eta azaroaren 20an argitaratuko dugu, Durangoko Azokarako prest egon dadin.
Beste proiekturik duzu esku artean?
Bai, Unaik gaztelaniaz idatzitako izaki imajinarioen bilduma ilustratua euskaratu dugu. Liburu txiki eta polita da, 8-10 urteko neska-mutilentzakoa, baina baita helduentzako ere. Izaki bakoitzak bere ipuin laburra du, eta zabaltzen dituen mezuak nahiko introspektiboak eta poetikoak dira; oso artistikoa da.
Azaroa emankorra izango da, beraz, ezta?
Bai, kar-kar! Durangoko Azokarako egunak kontatzen ditugu dena garaiz prest izateko!