Ekimen honen bultzatzaileek azpimarratu dute Mecanerren etorkizuna kolektiboki erabaki behar dela. Halaber, nabarmendu dute edozein ekoizpen-jarduerak ingurumen-iraunkortasunaren, erantzukizun sozialaren eta garapen ekonomiko inklusiboaren printzipioekin bat etorri behar duela: "Horretarako, Eusko Jaurlaritzak lurrak eta instalazioak erosteko exijitzen dugu eta hori aurrekontuen bidez egin behar da".
Eskari hori agerian jartzeko, prentsaurrekoa egingo dute azaroaren 26an, 17:30ean, Urdulizko Mecaner enpresaren instalazioen aurrean. Horregaz batera, ekintzarako deia ere egin dute: "Mecanerren etorkizuna herritarrok erabaki behar dugu. Trantsizio ekosozialeko proiektu bat gauzatu behar da. Orain da unea".
