Elkarrizketak

I. Juaristi eta A. Gallastegi: "Fabrikaren erosketa publikoa behar dugu"

Nahia Martinez Gondra 2024ko urr. 14a, 12:30

"Mecaner Herriarentzat" dinamikaren parte dira Juaristi eta Gallastegi.

Stellantis multinazionalak Mecaner lantokia itxi eta 148 behargin kalean utzi ditu; horren aurrean, "Mecaner Herriarentzat" alternatiba ekosoziala sortu dute hainbat eragilek. LAB sindikatuko Iraide Juaristik eta Jauzi Ekosozialeko Aitor Gallastegik azaldu dute zertan datzan.

2023 irailetik gaur egun arte nola bizi izan duzue Mecaner enpresaren aldeko borroka?

IRAIDE JUARISTI: Hasieratik izan dugu argi Mecaner Stellantis multinazionalaren parte dela, eta ixtearen erabakia berea zela. Azken urteetan irabaziak ematen egon den enpresa bat izan da Mecaner, beraz, itxieraren helburua produkzioa deslokalizatzea izan da. Hala, kontziente izan gara Euskal Herrian dugun araudiak posible egiten duela inongo arrazoi ekonomiko barik EEEak egitea. Ondorioz, 148 langileen kaleratzea gertatu da. Hasieratik salatu dugu araudi hori aldatu beharra dagoela, horrelako egoerak etorkizunean errepikatuko direlako. Itxieraren mehatxu batetik etorkizunerako aukera bat sortu nahi izan dugu mugimendu sozial eta ekologistekin batera.

AITOR GALLASTEGI: Proposamen ekosoziala aukera bezala ikusi genuen langile borroka eta ekologismoa elkartzeko, askotan biak kontrajarrita irudikatzen direlako. Izan ere, trantsizio ekologikoa martxan dago, eta ekologismotik ere langileen eskubideak babestu behar ditugu, bi borroka hauek uztartuz trantsizio ekosoziala lortzeko. Stellantisek trantsizioa bultzatzeko diru-laguntza handiak jaso dituen arren, langileen proposamenari uko egin eta fabrika ixtea erabaki du, argi utziz trantsizioaren lidergoak duen garrantzia.

Proposamen ekosoziala aurkeztu eta gero ere, Stellantisen erantzun hau espero zenuten?

I.J.: Stellantis Euskal Herri eta Uribe Kostarekin inongo loturarik ez duen multinazional bat da. Berdin zaio produktuak hemen, Txinan edo Turinen ekoitzi. Egia da espero genuela instituzioetatik beste jarrera bat egotea. Bidelagun asko izan ditugu, eta instituzioen partetik eskertzekoa da, adibidez, Urdulizko Udalak eta Uribe Kostako Mankomunitateak eduki izan duten jarrera. Baina industrian eta ekonomian eskumenak dituzten Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ez digu inongo laguntzarik eskaini. Uste dugu euren ardura politiko horri bizkarra eman diotela eta ez dutela asumitu bere gain zegoen papera.

Itxieraren ostean zein da beharginen egoera?

A. G.: 148 langileak kaleratu dituzte azkenean. Bakoitzak bere egoera propioa bizi du: batzuk beste lan batera joan dira eta beste batzuk langabezian daude edo jubilatzeko zorian.

I.J.: Azkenean, kaleratu horiek izen-abizenak dituzte, eta egoera oso larria da. Baina guretzako garrantzitsua da ere mahai-gainean jartzea pertsona horiek kaleratzeaz aparte lanpostu horiek suntsitu dituztela. Etorkizuneko lagunek ez dute sarbiderik izango horietarako eta beste postu prekarioago batzuetara joan beharko dira. Uribe Kostan kalitatezko lanpostuak suntsitzen ari dira. 

Zein dinamika hasi duzue orain?

A.G.: Beste elkarte batzuekin harremanetan hasi ginen eta borroka soziosindikala delakoa hasi dugu «Mecaner Herriarentzat» dinamika berrian. Helburu nagusia da ekoizpena eta lanpostuak berreskuratzea eta egingo den hori trantsizio ekosozialera bideratuta egotea. Hau da, proposamen produktibo, ekosozial eta justu bat izatea, eskualdearekin eta etorkizuneko benetako beharrekin lotura duena. Horrekin batera, hiru azpi-helburu ditugu: fabrika jabego publikokoa izatea, eta horretarako beharko genuke «Mecaner Herriarentzat»ek zilegizko hizketakideak izatea; gizartea aktibatzea trantsizio ekosozialaren aldeko giro bat sortzeko eta hirugarren hanka litzateke proposamen parte-hartzaile bat zabaltzea.

I.J.: Gure baieztapena da jada trantsizioa ematen ari dela kapitalismoaren logika batetik eta Stellantis bezalako multinazionalek gidatuta. Hala, guk nahi dugu benetako trantsizio bat izatea, justua eta jasangarria izango den ehun produktibo bat izateko. Behetik eraikitako trantsizio bat izan behar da, herritarren parte-hartzearekin egindakoa. Lehentasuna fabrika berreskuratzea da, badakigulako Stellantisek Mecaner zena likidatu nahiko duela eta enpresa bera saldu. Mecaner "zabortegi" bat edo beste megaproiektu industrial bat bihurtzea saihesteko guk erosketa publiko bat egotea eskatzen dugu.

Zenbat partaide daude momentu honetan dinamikaren barruan?

I.J.: Langile batzuk, LAB eta ESK sindikatuak, Jauzi eta Gune Ekosoziala eragile ekologistak eta beste eragile batzuk. Eremu instituzionaletik Urdulizko eta Uribe Kostako beste udal batzuen parte-hartzea ere badago. 

Beraz, zein esango zenukete dela orain zuen erronka handiena?

I.J.: Esan bezala, aldez aurretik fabrikaren jabetza publikoa behar dugu, gelditzeko Stellantisek eduki ahal dituen plan horiek eta Mecanerren etorkizuna Urdulizen egoteko. Guk planteatzen duguna da erabaki hori prozesu parte-hartzaile baten bidez eta trantsizio ekosozialaren logikan hartzea. Beraz, erosketa publikoa da gure erronka handiena. Horretarako eskumenak dituzten instituzioei, Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari, hori exijitzen ari gara.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun