Zure lehenengo albuma argitaratu zenuen joan den maiatzean, Ángeles radares. Nola hartu du publikoak? Espero zenuen erantzuna izan al du?
Toki desberdinetatik iritzi positibo eta adierazgarriak jaso izan ditut. Eta disko honen kaleratzeak jada zabaltze- eta handitze-prozesu bat ekarri du berarekin; zentzu horretan, ezin ahaztu diskoan lan egin dutenak eta「lotura」zigiluaren lana eta konfiantza.
Musika elektroniko esperimentala egiteak, askotan, entzuleak erronka bati aurre egitera bultzatzen du. Zure kasuan, zein da zure publiko objektiboa, edo nogaz konektatu gurako zenuke gehien?
Ez dakit nire publiko objektiboa zein den; ez dut termino horietan pentsatzen. Egindako lana jende eta testuinguru desberdinetara heldu daitekeela uste dut; zure inguruko jendeak, espero ez duzun norbaitek... Zure lana edonork gogotsu entzutea gauza ederra da.
Diskoa osatzerakoan, gerraren eta suntsipenaren aurkako ideiak izan dituzu oinarri. Zein modu edo baliabide erabili dituzu ideia horiek islatzeko?
Bai, beste ideia batzuen artean, gerraren aurkako ikuspegi argia eta memoriaren aldarrikapena erresistentzia-modu bezala egon dira presente grabazio prozesuan. Buruan ditudan irudi eta ideiak modu subjektiboan erabaki formaletan bihurtu egiten dira: soinuen ekoizpenean, adibidez, premia, alarma edota ezinegona transmititu dezaketen soinuak sortzerakoan; edo ezinegona eta gordintasuna adierazi dezaketen aldaketa eta etenaldi musikal bortitzak lantzerakoan, eta abar.
"Soinuen ekoizpenean, adibidez, premia, alarma edota ezinegona transmititu dezaketen soinuak sortu ditut buruan ditudan irudiak islatzeko"
Musika-mota hau sortzerakoan, zeintzuk artistak edo estilok eragin zaituzte? Bada, zure iritziz, esperimentazioaren bideak zabaltzen lagundu duen norbait?
Influentzia asko ditudala esango nuke. Estiloari begira, azken 20 urteetako elektronikaz gain, XX. mendeko musika garaikidea, 70. hamarkadako rock progresiboa edota metal azpigenero batzuk ere. Artistei dagokienez, eta elektronika esperimentalera mugatuz, Oneohtrix Point Never, Arca eta James Ferraro esango nituzke, beste askoren artean. Esperimentazioaren bidea zabal-zabala da (gero eta zabalagoa) eta artista erreferente eta interesgarri guztiak bide hori modu batera edo bestera zabaltzen eta aberasten lagundu dutela uste dut.
Reichmelt ezizenagaz zabaldu dituzu doinuok. Zein da izen horren jatorria, eta zer esanahi du zuretzat?
Orain dela hamar bat urte lehen soinu-edizio ariketak egin nituen. Momentuan Steve Reich-en lan zati bat eta Flying Lotus-en Melt izeneko abestia nahastu nituen, konposizio “berri” bat sortuz. Hortik dator Reichmelt izena. Nahiz eta hasieran, niretzat, mundu edo influentzia desberdinen sinbiosia irudika zezakeen, orain Reichmelt izenak bere identitate propioa du.
Nondik datorkizu musikarekiko duzun maitasuna? Nola iritsi zara gaur egungo bide honetara?
Musika etengabe entzun da nire familian: Neil Youngetik Oskorrira, Silvio Rodriguezetik Led Zeppelinera, eta nire burua txikitan abesten eta abestiak asmatzen gogoratzen dut. Nire aita blues-rock gitarra jolea da, gainera, eta bere taldeekin orduan izandako entsegu eta kontzertuak hurbiletik bizi izan nituen. 10 urterekin hasi nintzen kontserbatorioan, eta, ondoren, esperientzia eder ugari bizi izan ditut: kontzertuak, grabazioak, estreinaldiak, bidaiak, lagunak… Musika ikasketak ikus-entzunezko goi-mailako ikasketekin ere uztartu nituen, eta 19 urterekin izan nuen nire lehen lan musikal profesionala, orkestran tronboia jotzen. Egun, musika-irakaskuntza konposizio eta musika ekoizpenarekin uztartzen dut.
Gaztetan tronboia ikasi zenuen. Nolatan bukatu duzu musika elektroniko esperimentala egiten?
Tronboiarekin errepertorio klasiko eta garaikidea ezagutzen nuen heinean, musika idazteko nahia piztu zitzaidan, eta ariketa desberdinak konposatu nituen. Elektronika esperimentala Musikeneko liburutegian deskubritu nuen, Stockhausenen grabazio bildumarekin. Aurrerago, eta lagun batzuei esker, Oneohtrix Point Never, Arca eta abar ezagutu nituen, elektronikarekiko neukan ikuspegia zabalduz. Hor hasi zen genero hori lantzeko nahia. Nahiz eta musika garaikidea 2017tik konposatu, 2022an egin nuen debuta Reichmelt-ekin.
"Atzetik lantalde eta estruktura handirik ez daukagunon kasuan, errentagarritasuna beste ekintza osagarrietan bilatu behar da"
Zein dira gaur egun musikari baten erronka nagusiak? Nola ikusten duzu musika ekoizleentzako etorkizuneko egoera, errentagarritasunari dagokionez?
Gaur egun musika interesgarri mordoa sortzen da, eta agertoki, programazio eta difusio-kanalak beteta daude. Musikarion lana entzuteko, kalitatezko tarte eta espazioetara heltzea izango litzateke erronka horietako bat. Ekoizpenari begira, 20 urte atzera egiten badugu, gauzak asko aldatu dira. Baliabideak askoz ere eskuragarriago daude eta estudioa etxean bertan egin dezakezu. Baina zure musika propioa ekoizteaz hitz egiten badugu, atzetik lantalde eta estruktura handirik ez daukagunon kasuan, errentagarritasuna beste ekintza osagarrietan bilatu behar da: kontzertuetan, kolaborazioetan, etab. Hori ere erronka moduan har genezake, eta datozen urteetan horrela izaten jarraituko duela ematen du.
Musika elektronikoaz gain, bestelako estilo batzuk jorratzen dituzu? Nola uztartzen dira estilo horiek zure lan esperimentalean?
Bai, elektronikaz gain musika garaikidea ere jorratzen dut. Noizbait, ekoizten dudan elektronikan, musika garaikidearen eragina entzuten dutela esan didate. Gehienetan ez da gauza kontziente bat, baina argi dago estilo horren arrastoak aurki daitezkeela Ángeles radares lanean; kantu batzuen estrukturan edota ideia melodiko batzuen trataeran, adibidez.
Musikaz gain, zinema ere zure pasioetako bat da. Nola uztartu dituzu musika eta zinea orain arteko proiektuetan? Ba al duzu etorkizunean zinema-proiekturen bat egiteko asmorik?
Izan dira proiektu batzuk. Azkenengoa, adibidez, Amaia Mirandaren Cuando se nos mueren los amores singlearen bideoklipa, 2022an argitaratua. Bestetik, aspaldi grabatutako lan luzeago bat daukat eskuartean amaitzekotan. Etorkizunean Reichmelt-en bideoklip bat agian…
Esperimentazioa eta elektronika baliatuta, zer nolako istorioak kontatzen saiatzen zara zure lanetan?
Ángeles radares konposatzerakoan, nahiz eta irudiak eta ikuspegi argiak buruan izan, azkenean, musika da, bere narratiba abstraktuarekin, kaleratzen dena. Kontatu nahi dudana musika bera da. Entzule bakoitzak musika berea egin dezake, eta musika horrekin entzuleak berak sortzen ditu azkenean istoriorik indartsuenak.