Elkarrizketak

Urdulizko Jai Batzordea: "Ekimen aitzindaria da eta jendea ondo pasatzeko gogoz etortzea gura dugu"

Nahia Martinez Gondra 2025ko api. 23a, 11:08

Urdulizko jai-batzordea. © URDULIZKO UDALA

Urdulizko Jai Batzordea beste jai bat antolatzen dabil hurrengo hilabeterako: maiatzaren 10ean herriko jai handia prestatu dute! Elkarteko kideek azaldu digute festa bereziko nondik norakoak.

Zer duzue prestatuta maiatzaren 10erako?

Hasteko, "musika-bira" bat dugu Elortza auzoan zehar, eta amaieran argazki herrikoi bat egingo dugu udaletxe inguruan. Plaza honetan bertan egingo den paella herrikoi bategaz jarraituko dugu, eta amaiera emateko, kontzertu pare bat eskainiko ditugu 18:00etatik 23:00etara. Azken urteotan eraldaketa handia jasan duen herria da Urduliz, biztanleria ia bikoiztuz. Ekimen aitzindaria da eta jendea ondo pasatzeko gogoz etortzea gura dugu, komunitatea eta integrazioa indartuz eta giro ona sortuz.

Zergatik erabaki duzue data hori?
Maiatzean egitea pentsatu dugu egunak luzeagoak direlako eta, hasiera batean, eguraldi hobea egiten duelako. Ekaina baino lehen egin gura genuen; izan ere, hilabete honetan ere egiten da familia-kanpaldia, eta data konplexuagoak dira, ikasturtearen amaiera delako (azterketak, oporrak...). Data itxi aurretik, urriaren 10eko proposamena kultur etxean egindako herri bilera batean azaldu zen, eta bertan parte hartu zuen jendeak onartu egin zuen.
 
Laguntza jasotzen ari zarete horrelako ekimenak antolatzeko?

Elkartea garen aldetik, urtean zehar egiten ditugun ekitaldi guztietarako diru-laguntza jasotzen dugu Urdulizko Udalaren partetik, eta, gero, herriko jendeak ekitaldi hauetan parte hartzea eta laguntzea oso garrantzitsua da guretzako.

Zer espero duzue egun horretarako?
Jende asko animatzea eta disfrutatzea espero dugu, eta beste urte askoan jai hau egiten jarraitu ahal izatea.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun